Zortzi urte kultura ereiten

Julene Frantzesena 2019ko abuztuaren 1a

Zortzi urte bete ditu Sanagustin kulturguneak. Egindako lana ahaztu gabe, proiektu berriak sustatzea eta sormenean nahiz transmisioan eragitea du helburu Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kulturaz kooperatibak.

Orain dela zortzi urte pasatxo, 2011ko uztailaren 22an, zabaldu zituzten Sanagustin kulturgune osatuaren ateak –2010eko abenduaren 11n inauguratu zuten–. Orduz geroztik egin du euririk, eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak edukiz jantzi du gunea. Kooperatibako bazkide dira kultur talde, sortzaile, norbanako eta langile hainbat (egun 26).

Zortzi urteotan abiadura ikaragarrian hazi da Azpeitiko kultur sorkuntza nahiz jarduna. Horren erakusgarri dira honako datu hauek: 1.340 kultur ekitaldi antolatu ditu Kulturazek, 270.000 ikus-entzule baino gehiago izan dira ekitaldi horietan eta 40 kultur proiektu sustatu ditu kooperatibak.

Zortzi urteotako ibilbidearen balorazio "positiboa" egin du Xabier Aranbarri (Azpeitia, 1970) Kulturazeko kudeatzaileak. "Txiki-txikitik hasi ginen. Argi genuen helburua: Sanagustin izeneko azpiegitura bat kudeatu behar genuen, herriarekin, Kultur Mahaiarekin eta gizarte eragileekin batera".

Hasierako urteak ekonomikoki «gogorrak» izan zirela eta egokitzen pasatu zituztela azaldu du hark: "Herriko sortzaileen eta kanpokoen kontzertuak, antzerkiak, dantza emanaldiak... uztartzen saiatu ginen. Baina ikusi genuen euskarazko kulturak behar handiagoak zituela". Hain zuzen ere, proiektu jakin batzuk jorratzeko "beharra" sumatu zuten, kultura modu integralean lantzeko: "Jendea ekitaldietara erakartzeko lanetan hasi ginen, eta hortik etorri ziren Kultur Bonoaren proiektua, Aitzealdenk! jaialdia, Oholtzaberri... Ikusgarritasuna ez ezik, sormena eta transmisioa ere lantzen ari gara".

Hasiera haietan, Sanagustinera Azpeitiko jendea baino kanpokoa gehiago joaten zela azaldu du kudeatzaileak: "Azpeitia kultur plaza oso zaila zen; hori esaten ziguten euuskal sortzaileek ere". Horri lotuta, ordutik gauzak "asko" aldatu direla esan du: "2015ean egindako Kultumetria azterketak zioen gisan, inurri lanean, poliki-poliki asko hazten joan gara, beti gizarte eragileekin eta herriarekin batera. Gaur egun, 300 lagun joaten diren ekitaldietan jende gutxi dagoela iruditzen zaigu. Baina zifra horiek ez dira batere ohikoak euskal kulturaren panoraman".

"Intentsitate handiko" urteak izan direla ere esan du Aranbarrik, baina gustura da langileen profesionaltasuna eta boluntarioen lanaren uztarketak eman dituen emaitzekin: "Hasieran kostatu zitzaigun Sanagustin herriratzea. Gainera, autofinantzaketa kopuru altua lortzea –gaur egun %91ko autofinantzazioa du proiektuak– oso zaila da; pentsa, euskal kultur azpiegitura nagusiek %20ko autofinantzaketarik ere ez dute. Herritarrek proiektua barneratzea ere kostatu zitzaigun, baina pixkanaka ari gara lortzen". Hain zuzen ere, kooperatiba kudeatzen dutenen helburua izan da kultur eragileok inongo menpekotasunik gabe –autofinantzaketa bidez– eta elkarlanaren eta parte hartzearen bidez gauzatu ahal izatea proiektua.

Pixkanaka "hobetzen"

Sanagustin kulturguneko hasierako azpiegituran hainbat aldaketa egin dute urteotan, eta proiektuari ere hainbat egokitzapen egin dizkiote. "Ekipamendu teknikoa hobetzeko-eta lanak egin ditugu, sormena eta transmisioa gero eta gehiago ari gara lantzen, proiektu zehatzak nahiz zabalak lantzen ditugu –egun euskarazko kultura sustatzeko 19 proiektu lantzen ari gara–, autofinantzaketa bideak zabaldu ditugu, askotariko zerbitzuak eskaintzen ditugu...".

Garai gogorrak pasatuta, proiektua gizartean egonkortuta dagoela uste du Aranbarrik: "Beti esaten nuen gizartea irabazi behar genuela, ekonomiaren egonkortzea etorriko zelako haren atzetik. Eta hobeto edo gaizkiago eginda, baina saiatu gara proiektua gizarteratzen, eta herriari eskerrak eman beharrean gaude, oso ondo erantzun duelako". Kudeatzailearen arabera, horixe da zortzi urteotako lorpenik positiboena. "Ekonomiaren eta beste alde guztien gainetik dago herriaren erantzuna". Instituzioekin ere harreman oso ona dutela azaldu du: "Azpeitiko Udalarekin harreman ezin hobea dugu, baita jaurlaritzarekin eta aldundiarekin ere".

Zortzi urte beteta, aurrera begirako erronkak zehaztuta ditu Kulturaz kooperatibak: "Zerbitzuetan hobekuntzak egin behar ditugu, finantzazio maila mantentzeko edo igotzeko". Dena den, badituzte beste erronka potolo batzuk ere: "Dinamoa sormen gunea martxan jartzea eta sormen eta transmisio proiektuak herritarrekin gauzatzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide