Amubieta eta Larrañaga azpeitiarrek hirugarrenez irabazi dute Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 26a

Herenegun berritu zuten iaz lortutako garaipena, Errenterian. Bigarren postua ere Azpeiti aldera etorri zen, Ekain Uzkudunen eta Laura Bastidaren eskutik. Hamabost bikotek parte hartu zuten lehian eta horietatik bederatzi ziren eskualdekoak.

Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga azpeitiarrek osatutako bikoteak hirugarren aldiz irabazi du Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa. Iaz ere beraiek jantzi zituzten bikote onenari dagozkion txapela eta zapia, baita 2016an ere. Bikotearentzat hirugarren garaipena da, eta Amubietarentzat laugarrena: 2014an Maialen Aldalurrekin batera lortu zuen lehendabizikoa.

Herenegun jokatu zen Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketaren LXX. edizioa, Errenteriako Madalena jaien barruan, ohikoa denez. Hamabost bikote lehiatu ziren eta horietatik bederatzi ziren eskualdeko dantzariek osatutakoak: Azpeitiko sei bikote, Azkoiti-Azpeitiko beste bi, eta Azpeiti-Errezilgo bat. Hain zuzen ere, txapelketaren bigarren postua ere Azpeiti aldera etorri zen, Ekain Uzkudunen eta Laura Bastida urrestildarraren eskutik. Bergarako Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga izan ziren hirugarrenak, eta Lezoko Iker Belintxon eta Katerin Artola, berriz, laugarrenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide