Txirrindularia

Naroa Aranbarri: "Jaitsieran kontrola mantentzea izaten da garrantzitsuena"

Anartz Izagirre 2019ko uztailaren 23a

Naroa Aranbarrik (Azpeitia, 2003) hirugarren postua lortu du Espainiako BTT Jaitsiera Txapelketan. Lehen aldiz lortu du txapelketa horren podiumean sartzea azpeitiarrak.

Espainiako BTT Jaitsiera Txapelketan hirugarren egin duzu. Lehen aldia izan al da?

Iaz parte hartu nuen lehen aldiz Espainiako Txapelketan, baina min hartu nuen entrenamenduan, eta ezin izan nuen lehiatu azkenean. Beraz, esan daiteke aurten lehiatu naizela lehenengoz txapelketa horretan. Halere, Espainiako eta Euskadiko openetan ere parte hartu dut.

Hiru minutu eta zortzi segundotan egin zenuen ibilbidea. Denbora ona al da?

Lehenengo postuan gelditu zenak hiru minutu azpitik egin zuen ibilbidea, eta beste guztiok hiru minuturen bueltan ibili ginen. Euskal Selekzioarekin joan garen txirrindularioi Kanaria Handiko ibilbidea nahiko zaila egin zaigu, lurra lehorra baitzegoen. Gure inguruko ibilbideak bestelakoak izan ohi dira.

Azkarrak dira BTT jaitsierak. Zer pasatzen zaio Naroari burutik minutu horietan?

Kontzentratuta egiten dut jaitsiera, eta nire helburua lurrera ez jaustea da; behin lurrera erorita, kontzentrazioa hautsi egiten da. Jaitsieran kontrola mantentzea da garrantzitsuena.

Jaitsiera txarrik izan al duzu inoiz?

Bai, iazko Espainiako Txapelketan. Hamar lagun joan ginen Euskal Selekzioarekin, eta hiruzpalau lehiakidek bakarrik amaitu zuten ibilbidea. Ingurua harriz josita zegoen, eta pedalkadak ematen ari nintzela, bizikletaren katea blokeatuta gelditu zitzaidan; txiribuelta egin eta lurrera erori nintzen.

Non izaten dira lehiak?

Euskadiko Openeko lehiaketak Antzuolan, Igantzin, Bilbon eta Galdakaon izan ohi dira, besteak beste. Entrenatu, berriz, Azpeitiko pistan egiten dut.

Emakume asko lehiatzen al da BTT jaitsieretan?

Espainiako Txapelketan zortzi emakume inguru lehiatu gara, baina aurten Euskal Selekzioarekin aritu den emakume bakarra ni izan naiz, nahiz eta normalean bi ibiltzen garen.

Zer asmo dituzu aurrera begira?

Momentuz, Euskadiko Openeko bi txapelketa geratzen zaizkit, eta horiek amaitu nahi ditut. Hurrengo urtean, junior mailara pasatuko naiz, eta lehiatzen jarraitzeko asmoa dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide