Zertara datoz "Zazpi Handiak" Miarritzera?
G7a munduan kapitalismoak bere burua antolatzeko eta erabakiak hartzeko duen tresnetako bat da. Haiek adierazi dutenaren arabera, munduan desoreka handia dago genero politikan, ekonomiaren alorrean nahiz lurralde antolaketan. G7ko estatuburuek diote beraiek sortzen duten kaltea konpontzera datozela Miarritzera.
Zein dira G7 taldearen helburuak?
G7a tarteka biltzen den egitura bat da, urtean behin-edo biltzen dira talde horretako kideak. Aurten, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak antolatu du goi-bilera. Marketin operazio izugarri bat da gailur hau, foku guztiak gainean izaten baitituzte egun horietan. Miarritzen bilduko dira, Europako Batasuneko ordezkariak batetik, eta Japoniako, AEBetako, Kanadako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Frantziako eta Italiako estatuburuak, bestetik. G7 taldean urtez urte aldatzen joan dira estatuburuak, eta oraingoan ez dago estatuburu sozialdemokratarik edo zentristarik bilkuran, guztiak eskuin muturrekoak dira; ikusi besterik ez dago, adibidez, migrazio politikan edo liberalismo ekonomikoaren printzipioetan G7ko estatuburuek beraien artean zenbat antzekotasun dituzten. Kapitalismoa krisian dago, eta zazpi herrialde nagusi horiek nola jokatu behar duten erabakitzeko bilduko dira Miarritzen abuztuan egingo duten goi-bileran.
G7 ez! plataformako kidea zara. Zer aldarrikatzen duzue talde horretako kideok?
Batetik, aldarrikatu nahi dugu inork ez diola eskatu G7 taldeari Euskal Herrira etortzeko. G7aren gailurra Euskal Herrian egitea inposizio politiko bat da, eta beraiek duten gizarte eredua inposatu nahi digute goi-bilera horrekin; gure helburua, inposizio hori salatzea da. Era berean, aldarrikatu nahi dugu Euskal Herrian nahiz munduan badaudela alternatibak hondamendi ekologiko, ekonomiko eta humanitario honi aurre egiteko. Abuztuaren 21ean, 22an eta 23an Irunen eta Hendaian hainbat ekintza antolatu dugu alternatibak baditugula erakusteko; 24an, berriz, manifestazioa egingo dugu Hendaian; eta 25ean, kontzentrazioak izango dira Miarritzen.
Kasualitatea al da halako bilkura bat Euskal Herrian egitea?
Horri buruz asko hitz egin dugu taldean. Pertsonalki, iruditzen zait G7a Miarritzen biltzearen arrazoiak ez duela euskal gatazkarekin zerikusirik, haientzat ez baita gatazka hau existitu ere egiten. Egia da aurten Frantziako presidenteari tokatzen zitzaiola bilera antolatzea, eta Frantzian beste edozein leku ere hauta zezakeela. Miarritze beti izan da hiri oligarka, oso turistikoa da, eta ez denez hainbeste jende bizi, erresistentzia gutxi izango dela uste dute gailurraren antolatzaileek.
Zer azalduko duzu gaurko hitzaldian?
Batetik, G7a zer den eta haiek biltzeak zer suposatzen duen azalduko dut. Bestetik, iritziak eman eta jasotzeko tarte bat ere izango da solasaldian. Azkenik, abuztuaren 19tik 26ra Miarritzen G7a biltzen denean Azpeititik zer eta nola egin daitekeen eztabaidatuko dugu.
Hainbat eragilek osatzen dute G7 ez! plataforma.
Ia 50 eragile sozial eta politiko batu dira plataformara, eta gehiengo sindikala eta hainbat alderdi politiko ere batu dira mobilizazioetara. Esango nuke, indar metaketa handia dagoela, eta G7aren aurkako iritzia zabala dela. Miarritzen hainbat merkatari kezkatuta dago, hilabete osoko okupazio militarra izango baita bertan, eta uste dute horrek eragina izan dezakeela beraiengan. Guk, gure aldetik, desobedientzia zibila proposatzen dugu G7 taldearen biolentziaren aurrean. Ez Euskal Herrian eta ez inon, ez direla ongietorriak erakutsi nahi diegu.