Gipuzkoako hainbat mendi eta herri igaro ostean, larunbatean amaitu zen Ehunmilak ultra trail proba, Beasainen. Ixaka Oñederra eta Imanol Aleson azkoitiarrek Julian Morcillo madrildarrarekin osatutako Burugogorrak taldea izan zen lasterketaren helmugara iristen lehen taldea, errekor eta guzti, gainera. Egun bat, hiru ordu eta 25 minututan iritsi ziren Burugogorrak taldeko kideak lasterketaren helmugara; 21:28an heldu ziren Beasainera, hain zuzen ere.
Alesonek adierazi duenez, taldeka lehiatzea "oso desberdina" izan da. Azkoitiarrak aurretik zazpi aldiz parte hartu du Ehunmilak proban bakarka, eta horietatik hirutan irabazi du. Bi urtez parte hartu gabe egon ostean, Oñederrarekin eta Morcillorekin batera lehiatzea erabaki zuen. "Aurtengo edizioan lasterketaz gozatzeko aukera gehiago izan dut, eta lasaiago ibili naiz", adierazi du azkoitiarrak. Hiru lasterkariak oreka topatzeko orduan "nahiko ondo" ibili zirela gaineratu du Alesonek, eta "ondo uztartu" zituztela indarrak proban. Alesonek argi du: "Ez naiz bakarka lehiatuko Ehunmilaken datozen edizioetan". Taldeka lehiatzea, ordea, ez du baztertzen. Halere, beste lehiaketa batzuk probatzea nahiko lukeela adierazi du azkoitiarrak.
Ostiralean, 18:00etan abiatu zen lasterketa Beasaindik, eta iluntzean Azpeititik eta Azkoititik igaro zen proba. 21:00 aldera iritsi zen lehen lasterkaria, Jon Aizpuru, Elosuara. Korrikalariek Madariagarako bidea hartu zuten Elosuatik. Azpeititik, berriz, gauerdian igaro ziren korrikalariak; Xoxotetik behera jaitsi ziren parte hartzaileak Azpeitiko plazara. Handik pasatzen lehena ere Aizpuru izan zen, eta Azoka Plazan geldialditxoa egin zuten berak nahiz gainontzeko korrikalariek, jan-edanerako postua eta medikuak baitzeuzkaten zain bertan. Ondoren, Zelatun aldera jarraitu zuten lehiakideek.Guztira, 474 korrikalari abiatu ziren ostiralean Beasaindik, eta horietako hainbat ziren eskualdekoak.
Azpiazu, laugarren
Ehunmilak probaz gain, beste bi proba ere izan dira asteburu honetan Gipuzkoan; G2H eta Marimurumendi lasterketak, hain zuzen ere. Bi proba horietan ere, eskualdeko hainbat korrikalari lehiatu dira. G2H proban 88 kilometroko ibilbidea egin zuten lehiakideek, eta Nerea Azpiazu azpeitiarrak laugarren postua eskuratu zuen emakumeen mailan. Azpiazuk hamabost ordu eta bi minutu behar izan zituen helmugara heltzeko. Bestalde, Unai Zialtzeta azpeitiarra ere fin ibili zen G2H lasterketan, eta mutilen mailan zazpigarren postua erdietsi zuen; 11 ordu eta hemezortzi minututan egin zuen lasterketa Zialtzetak.