Eskualdetik igaro da Ehunmilak Ultra Traila

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 13a

Atzo, ostirala, Ehunmilak Ultra Trailaren hamargarren edizioa abiatu zen Beasaindik 18:00etan, eta inguruko hainbat herri igaro ostean, eskualdetik ere igaro ziren korrikalariak. Atzo ilunabarrean igaro ziren lasterkariak Gorlatik Elosuara, eta horiek han izan zituzten zain dozenaka herritar animoak emateko.

Aurreneko korrikalaria, Jon Aizpuru, 21:00ak pasata ailegatu zen Gorlara, eta pixkanaka joan ziren iristen gainontzekoak ere. Korrikalariek Madariagarako bidea hartu zuten Elosuatik, eta gauerdian pasatu zen lehen korrikalaria Azpeitiko plazatik; Aizpuruk jarraitzen zuen lasterketaren buruan. Handik minutu batzuetara iritsi zen bigarren korrikalaria, Unai Dorronsoro; hirugarren, berriz, Javi Dominguez igaro zen.

Xoxotetik behera jaitsi ziren parte hartzaileak plazara, Azoka Plazan indarrak hartzeko jan-edan postua eta medikuak baitzituzten. Ondoren, Zelatun aldera jarraitu zuten lehiakideek. Ikusmina sortu zuen probak herritarren artean, eta gauerdia izanagatik, herritar mordoa gerturatu zen korrikalariak ikustera Azpeitian.

474 korrikalari abiatu ziren atzo Ehunmilak lasterketaren irteeratik, horietatik hainbat eskualdekoak.

Hona hemen Ehunmilak probako lasterkariak Elosuatik eta Azpeititik igaro ziren uneetako argazki bilduma:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide