Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi aztarnategian indusketak egiten hasi da beste urte batez Aranzadi zientzia elkartea, bi herrietako udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Astelehenean hasi ziren Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten, eta aurten, uztailaren 27ra bitartean arituko dira lan horretan. Iazko gisan, boluntarioak harresian, terrazamenduan eta bizitokietan ari dira aztarnen bila.
Munoaundiko ondarea eta arkeologoen lana gizarteratzeko asmoz, beste urte batez bisita gidatua antolatu dute Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, aldundiak nahiz Aranzadik hurrengo larunbaterako, hilaren 20rako. Antxoka Martinez Aranzadiren Historiaurreko Arkeologia Saileko kideak gidatzen ditu Munoaundiko indusketak, eta hark eskainiko du bisita gidatua, euskaraz eta gaztelaniaz.
Hilaren 20an, 11:00etan elkartuko dira bisitan parte hartu nahi dutenak, Abaraxka aterpetxean (Altamira auzoa, 5). Handik, oinez joango dira Munoaundira, eta herritarrek aztarnategia bertatik bertara ikusteko eta Burdin Aroko herri harresituaren historia ezagutzeko aukera izango dute. Ordu erdi inguruko ibilbide "erraza" izango da Abaraxkatik Munoandira egingo dutena. Dena den, ibiltzeko eragozpena dutenentzat ibilgailu bat jarriko dute hara eramateko. Mendiko botak edo oinetako egokiak, jaka eta ura eramatea gomendatu die Aranzadik bisitara joango diren herritarrei.