Eneko Ibarguren auzipetuari babesa adierazteko agerraldia egingo dute asteazkenean

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 5a

Irailaren 16an epaituko dute azpeitiarra Madrilen, Nagore Gartzia zumaiarrarekin, Ainhoa Baglieto zarauztarrarekin eta beste 44 lagunekin batera. "Injustizia" salatzeko eta auzipetuei babesa adierazteko ekimena abiatu dute Ibargurenen senideek eta lagunek.

Datorren irailaren 16an hasiko da euskal presoen babes taldeetako 47 kideren aurkako 11/13 auziaren epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuetako hiru dira Eneko Ibarguren azpeitiarra, Nagore Gartzia zumaiarra eta Ainhoa Baglieto zarauztarra. Zumaian egin duten bezala, "injustizia" salatzeko eta auzipetuei babesa adierazteko ekimena abiatu dute Ibargurenen senideek eta lagunek. 

Egitasmoaren lehen urrats moduan, agerraldi jendetsua egingo dute datorren asteazkenean, hilaren 10ean. 19:00etan elkartuko dira Sanagustin kulturgunean, eta epaiketaren inguruko informazioa emateaz gain, argazkia aterako dute, azpeitiarrari elkartasuna adierazteko eta irailean egingo dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egiteko. Hori hala, herritar guztiak gonbidatu dituzte hitzordura.

Auzipetuak "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatuak ditu auzipetu guztientzat, baita hainbat urtez zaintzapean egotea eta isun ekonomikoa ere. Urola Kostako hiru auzipetuei dagokienez, fiskalak 13 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Ibargurenentzat eta Gartziarentzat, eta Bagliettorentzat, berriz, 11 urteko kartzela zigorra.

47 auzietuei elkartasuna adierazteko, hainbat mobilizazio egingo dute datozen hilabeteetan Euskal Herrian; besteak beste, irailaren 14an, epaiketaren atarian, manifestazioa deituta dago Bilbon.

2013an eta 2015ean atxilotuak

Ibarguren eta Gartzia Herriraren aurkako polizia operazioan atxilotu zituzten, 2013ko irailaren 30ean. Epaileak urriaren 3an utzi zituzten biak aske; Gartziak 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen aske ateratzeko. Ainhoa Baglietto abokatua, berriz, 2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten beste 15 lagunekin batera, Mate deitu zuten operazioaren barruan.

2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkako sarekada etorri zen, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, berriz, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten. Eloy Velasco epaileak egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, "ETAren espetxe frontea" osatzen dute auzipetuek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide