Txirrindularia

Oier Ibarguren: "Horrela segituz gero, aukera izan dezaket dei bat jasotzeko"

Ihintza Elustondo 2019ko uztailaren 4a

Baque Ideus BH taldeko kideak brontzezko domina eskuratu berri du Espainiako txirrindularitza txapelketan, 23 urtez azpikoen mailan. Profesionaletara salto egitea lortzen ez badu, bizikleta utziko du.

Oier Ibarguren. (Ihintza Elustondo)

Auskalo zenbat pedalkada eman dituen Oier Ibargurenek (Azpeitia, 1997) bizitza guztian zehar. Elkarrizketara ere, lau orduko entrenamendua egin ostean azaldu da. Bolada onean dabil, eta hala ere, bizikletak zer ematen dion galdetuta, argi dio: "Buruko min asko". Sarritan, kirolak onetik baino txarretik gehiago duela aitortu du: "Agian, lasterketa bat ez zait ondo ateratzen, eta zera galdetzen diot neure buruari: ‘Zergatik ez zait ondo atera?’. Beti horrelako kezkak izaten ditut buruan". Dena den, izango du zerbait ona. "Bai, noski, hori ere bai".

Espainiako txirrindularitza txapelketan hirugarren sailkatu zara, 23 urtez azpikoetan. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Inportantea da niretzat. Banekien indartsu nengoela, ondo ari naiz entrenatzen eta lehian ondo ari zaizkit gauzak ateratzen, eta ikusi dut Espainiako txirrindulari onenen artean nagoela. Nahiz eta proban hirugarren egin nuen, erori ez banintz, hobeto egin nezakeela uste dut. Laukote bat gindoazen aurretik, eta haien artean ez nintzen agian indartsuena izango, baina irabazteko aukerak banituen. Laukote horretan sekulako izenak zeuden, Carmelo Urbanorena, esaterako. Sekulako txirrindulariak dira nire ondoan joan ziren beste hirurak, eta niretzat oso garrantzitsua da haien artean egotea.

Hirugarren bukatzeak baino gehiago betetzen al zaitu horien mailan zaudela sentitzeak?

Bai, hori da. Jende askok esan dit: "Pena duk erori izana". Eta hala da, baina txirrindulari horien parean egotea sekulakoa izan da niretzako. Egia esan, ez daukat erori izanaren penarik.

Balaztarekin arazoak izan zenituen proban, eta bi aldiz erori zinen. Zer gertatu zen?

Lasterketaren erdialdera antzeman nuen aurreko balazta huts egiten hasi zitzaidala. Horregatik, jaitsieretan geratzen hasi nintzen, sufritu egiten nuen jaisten. Normalean, gainera, ondo jaisten naizen fama daukat, zoro samarra naizela diote, eta gelditzen ari nintzela ikusi zutenean, antzeman zidaten zerbait gertatzen zitzaidala.

Sekula gertatu al zaizu antzeko ezer?

Duela bi aste izan nuen arazo berbera.

Ez al duzu bizikleta aldatzea pentsatu?

Denek gauza bera esaten didate. Bizikletarekin ez naiz zorte ona izaten ari aurten; gurpilak zulatu, puskatu... denetarik gertatu zait. Baina oso gustura nago bizikletarekin, katxarro ederra da. Ez dut aldatuko, hori ama bezala da: bere zerak edukiko ditu, baina ez dago aldatzerik.

Ez da azken asteetan lortu duzun emaitza on bakarra izan Espainiako txapelketakoa. Izan ere, Beasaingo Loinaz Saria irabazi zenuen duela gutxi, baita Volta Castelloko etapa bat ere. Bolada onean zabiltza...

Bidasoa Itzulia iritsi arte, ondo ari nintzen, baina lasterketetan zorte txarra izaten nuen. Gero, Nafarroako Itzulian, etapa politagoak egiten hasi nintzen. Loinaz Sarira entrenamendu bat gehiago egitera joan nintzen, bezperan lau orduko saioa eginda bainengoen. Ondo atera zitzaidan proba, eta ordutik, bolada onean nago.

Denbora gutxian, hobekuntza handia egin duzu. Zerk eragin du horretan?

Ez dut uste ezerk eragin duenik. Lehengo urtean eta, agian, lan gehiago egin nuen, talde berria nuelako. Aurten, berriz, aukera gehiago izan ditut; zorte txarra izan dut denboraldi hasieran, eta orain, zortea alde izan dudanean, indartsu jarri naiz. Errendimenduan ez dut hobetu, nire ustez; zorte kontua gehiago izan da.

Gozatzen ari zarela diozu.

Bizikletan beti ibili izan naiz gustura, eta orain, gainera, emaitza onekin, are gusturago nago.

Inoiz baino hobeto sentitzen al zara?
Ez. Egia esan, bizikletan nabilenean, beti ibiltzen naiz gustura. Dena den, gustagarria da kalera atera eta denek "zorionak" eta antzekoak esatea. Horrek poza ematen du, baina bestela, antzeko sentitzen naiz.

Zein dira zure hurrengo helburuak?

Ez daukat ezer zehaztuta, egia esan. Orain, puntu onean nago, eta aprobetxatu egin nahi ditut datozen lasterketak. Volta a Portugal do Futuro probarako daukat gogoa. Iaz ondo atera zitzaidan itzulia, eta aurten iazkoa hobetzeko helbururik ez badut ere, nahiko nuke berdintzea.

Profesionaletara pasatzen ez bazara, bizikleta utziko duzula esan duzu. Zergatik?

Erabaki zaila izaten da hori. Urte asko dira txirrindularitzan nabilela, dena eman diot bizikletari, eta profesionaletara salto egitea lortuko ez banu, elite mailan aritzea da izango nukeen aukera bakarra. Datorren urtean 23 urte egingo ditut, eta adin horrekin, afizionatuetan jarraitzeko, derrigor elite mailara pasatu behar dut. Elite mailak egutegia asko mugatzen dizu; agian, bi aste egon zaitezke lasterketetan parte hartu gabe. Gainera, aukera gutxiago egoten da elite mailatik profesionaletara salto egiteko. Nire ustez, orain da momentua profesionaletara pasatzeko. Urte asko daramatzat txirrindularitzan, ikasketak ere utzi egin nituen, lanik ezin duzu egin bizikletari denbora eskaintzeko... Azkenean, beti aitari eta amari dirua eskatzen ari naiz, baina ezingo naiz bizi guztia horrela egon; bestela, etxetik bidaliko naute [barreak]. Une honetan, probaren bat irabaziz gero, diru pixka bat ematen didate, baina ez bizitzeko adina. Profesionala izateak emango lidake horretarako aukera.

Profesional egiteko aukerarik ikusten al duzu?

Oraindik batere ez, inork ez du deitzen eta. Dena den, horrela segituz gero, aukera izan dezaket dei bat jasotzeko.

Uste duzu aukerak zabal diezazkizukela Espainiako proban hirugarren egin izanak?

Bai. Lasterketa onak egiten ari nintzen, eta nahi nuen Espainiako txapelketan maila ona ematea, jendeak nigan arreta jartzeko eta konturatzeko ez dela izan kasualitatea aurreko lasterketetan lortutakoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide