Dena prest dago igandeko Ipurtargi Festerako

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 2a

Igandean egingo dute Ipurtargi Festen bosgarren edizioa, Azpeitian. Hainbat ekintza izango da egun osoan zehar, Loiolako zelaietan. Oraindik eman daiteke izena bigarren eskuko azokan.

Iazko Ipurtargi Festeko irudia.

Dena prest dute antolatzaileek igandean, uztailak 7, Loiolako zelaietan egingo duten Ipurtargi Fest jairako. 11:00etan hasiko da egitaraua: batetik, eskualdeko artisauen azoka izango da, eta bestetik, bigarren eskuko azoka. Erabilitako materialari bigarren bizia ematea helburu duen azoka da aurtengo edizioko berrikuntza nagusia. Edonork izango du erabiltzen ez dituen jantziak, gailuak nahiz bestelako gauzak saltzen jartzeko aukera, eta interesatuek ipurtargifest@gmail.com helbidera idatzi beharko dute larunbata –uztailak 6– baino lehen. Azokan parte hartzeko baldintza bakarra da saltzen jarritako gauzei "prezio herrikoia" ezartzea.

Eguerdian jarraituko du festak. 14:00etan, piknika egingo dute, eta arratsaldean, umeentzako saioak izango dira: hain zuzen ere, herriko bi magok, Iagomagok eta Julenmagok, ikusleak txundituko dituzte beren trikimailuekin. 18:00etan, berriz, jolasak izango dira, eta horren ostean, musikaren txanda iritsiko da. Izan ere, 19:00etan, herriko hiru gazte raperok –Big Flea, Troya eta Josu– nahiz Nikotinak emanaldiak eskainiko dituzte.

Egunari amaiera emateko, afari begetarianoa egingo dute, 21:00etan hasita, eta horren ostean, musikak goxatuko du gaua: 22:30ean, Abereh taldearen kontzertua izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide