Azpeitiko plazan jendetza bildu zen atzo, larunbata, Azpeitia Oholtzan ikuskizunean. 21:30ean hasi zen dantza eta musika emanaldia, eta ikusmin handia sortu zen inguruan, agertoki handi bat jarri baitzuten plazan, eta kameraz bete baitzen agertoki ingurua. ETBk ekitaldi osoa grabatu zuen, eta aurrerago telebistan emango du atzoko emanaldia.
Herriko hainbat talde igo ziren agertokira, hala nola Azpeitiko Udal Musika Banda, Luis Beltza dantza suelto eskola, Dantzaki dantza taldea, Kbeat ahots taldea, Julian Barrenetxea abesbatza eta Juan Antxieta musika eskola. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen ikuskizunak, eta hainbat herritar gerturatu zen emanaldia ikustera. Denetariko abestiak eta dantzak izan ziren ikusgai emanaldian, eta Azpeitiko musika eta dantza taldeak batera ikusi eta entzun ahal izan ziren plazan.
Hona hemen Azpeitia Oholtzan ikuskizuneko argazki bilduma: