Izarraitz pilotalekuan sekula elkartu den jendetzarik handienetakoa izan zen atzo, ostirala, Azpeitiak eta Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalerdietako itzulerako partidak jokatu behar zituztela eta. Joanekoan lortutako 2 eta 1eko abantailarekin kantxaratu ziren Azpeitiko pilotariak, eta aldea handitzea lortu zuten horiek; izan ere, Azpeitiak 3 eta 0 hartu zuen mendean atzo Azkoitia.
Lehen partida, kadeteena, alde nabarmenarekin irabazi zuen Azpeitiak: 22 eta 2 bukatu zen partida. Bigarren norgehiagoka ere ildo beretik joan zen; Azpeitiko pilotariak 22 eta 2 nagusitu ziren. Gainera, lehen partidako tantoekin bigarrenean hamar egitea aise zuen Azpeitiak finalerako txartela eskuratzeko. Hirugarren partidara jokoan ezer ez zutela iritsi ziren pilotariak, baina Azpeitiko pilotariek finalerdietako joanekotik zuten arantza kendu ahal izan zuten 22 eta 13 nagusituta.
Azpeitia bosgarren txapela jarraian lortzen saiatuko da datorren astean Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko duen finalean, Astigarragaren aurka. Izan ere, Astigarragak Ataun kaleratu du finalerdietan. Finala zapatuan 16:30ean hasita izango da.
Bestalde, Azpeitiko pilotariek datorren asteartean entrenamendu saio berezia egingo dute Atano III.a pilotalekuan, 18:00etatik 20:30era bitartean. Finaleko materialaren hautaketa, berriz, partiden egunean bertan egingo dute, 15:30ean hasita.