Zure lanak iragarriko ditu aurtengo Euskal Antzerki Topaketak. Espero al zenuen?
Inola ere ez. Aurkezten nintzen lehen aldia zen, eta ez bakarrik topaketen lehiaketara aurkezten nintzen lehen aldia; orain arte, sekula ez nuen kartelik aurkeztu lehiaketa batera. Aurreko urtean aurkezteko gogoarekin gelditu nintzen, baina azterketekin-eta oso lanpetuta nenbilen. Aurten, ama etorri zitzaidan lehiaketaren eskuorriarekin, zerbait egingo al nuen galdezka. Kartela prestatu eta aurkeztu nuen, baina lehiaketa irabaztea ez nuen inondik espero.
Lehiaketetara aurkeztu ez arren, kartelgintzan ba al zenuen esperientziarik?
Gustuko dut kartelak egitea, bai. Festetarako-eta egin izan ditut bat baino gehiago, baina ezer ofizialik ez, musu-truk eta lagunartean egiten diren kontuetarako, beti ere. Diseinua betitik gustatu izan zait, familiatik datorkidan zerbait da. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasitakoa naiz. Ikasketetan bazegoen esparru bat diseinua eta kartelgintza lantzera bideratutakoa, eta hor ikasi nuen pixka bat ordenagailuarekin diseinuak egiten.
Irabazlea zinela esan zizutenean, nola hartu zenuen albistea?
Egundoko poza hartu nuen. Udaleko teknikariak deitu zidanean, pentsatu nuen festa batzordeko konturen batengatik izango zela, eta kartel lehiaketa irabazi nuelako deitzen zidala esan zidanean, ezin nuen sinistu. Lehen aldiz aurkeztu, eta... Neuretzat izugarrizko poza izan zen, eta etxekoentzat ere bai.
Lan bakarra aurkeztu al zenuen lehiaketara, ala gehiago?
Bakarra aurkeztu nuen. Egile bakoitzak gehienez hiru aurkezteko aukera izaten du. Markoaren elementuarekin jolastea neukan buruan. Kartel bat baino gehiago aurkeztekotan, argi neukan bata bestearengandik oso ezberdinak izan behar zutela, eta ez ideia edo diseinu beraren gaineko hiru aldaera; hori ez zait gustatzen. Beraz, buruan nebilkien ideia horri forma eman eta lan bakarraren aldeko apustua egin nuen.
Koadro baten marko urdina, bi esku hura eusten eta erdian maskara bat, atze alde beltzaren gainean. Horiek dira zure lanaren elementuak. Zergatik elementu horiek?
Ez dut inspirazio iturri berezirik izan. Azken astean etorri zitzaidan ama eskuorriarekin eta zerbait azkarra izan behar zen. Denbora gutxi neukan eta antzerkiarekin lotura izan zezaketen elementuetan pentsatu nuen, kontuan hartuta neuk antzerkiarekin ez dudala harreman berezirik. Hondo beltzarekin, antzerkiak erakusten duen misterio puntu hori adierazten saiatu nintzen; eskuekin, errealitatearekin duen lotura puntua; maskara, berriz, beti antzerkiarekin lotzen dugun elementua da... Finean, ahalik eta elementu gutxien erabilita, misterioaren eta errealitatearen arteko joko hori irudikatzen saiatu nintzen.
Antzerkiarekin harreman handirik ez duzula diozu. Eta Antzerki Topaketak? Jarraitzen al dituzu?
Bai, hori bai. Agian ez beti, baina saiatzen naiz urtero emanaldi batzuetara joaten, eta horrela bultzadatxoa ematen herriko antzerkiari.
Lehen aldiaren emaitza ikusita, ba al duzu aurrerantzean beste kartel lehiaketa batzuetara aurkezteko asmorik?
Pentsatu dut horretan, bai, nahiz eta kontuan dudan bere denbora eskatzen duela. Egia da, hori bai, konfiantza ematen duela saria lortzeak. Lagunarteko edo festetarako kartelak egiten dituzunean, eskertzen dute lana ingurukoek, baina inork ez dizu esaten ondo ala gaizki dagoen, ez dago zure lana baloratuko duen epaimahairik edo aditurik. Sari batek, berriz, zure lana nahikoa txukuna dela pentsatzeko balio dizu, eta hurrengo batean ere aurkez dezakezula zerbait.