Pilotaria

Julen Egiguren: "Txiki-txikitatik amestu dut profesionaletan aritzearekin"

Julene Frantzesena 2019ko ekainaren 20a

Julen Egigurenek (Azpeitia, 2000) San Juan egunean egingo du profesionaletan debuta. Eibarko Astelenan jokatuko du partida Zabaletarekin, Zabalaren eta Martijaren kontra.

Julen Egiguren. (Julene Frantzesena)

Debuteko partida nolakoa izatea nahi duzu?

Irabazi edo galdu, ez dit asko axola. Irabazita hobe, baina irudi ona ematea eta kantxan disfrutatzea nahi dut, egindako lanarekin gustura gelditzea.

Zabaleta izango duzu bikote. Zuk esana da jar ziezazuketen bikote onena dela. Zergatik?

Momentuko pilotaririk onena delako. Izugarrizko pilotakadak ematen ditu, eta egun ona tokatzen bazaio, partida menperatuko du. Hala bada, nik jokaldiak bukatzeko aukera gehiago izango ditut.

Asko amestutako eta borrokatutako unea izango al da astelehenekoa?

Txiki-txikitatik amestu dut profesionaletan aritzearekin. Beti urruti ikusten baduzu ere, horretarako entrenatzen eta jokatzen duzu. Unea iritsitakoan, agian, ez duzu behar adina baloratzen, baina urte askotako lanaren emaitza da.

Nolakoa izan da profesionaletara iritsi arteko bidea?

Aitarekin hasi nintzen pilotan 5 bat urterekin. Handik urtebetera-edo batu nintzen Ilunpe elkartera. Hasieran Benantxiorekin, Keuttinekin eta horiekin aritzen ginen entrenatzen, eta azken urteetan taldearen gidaritza hartu duten gazteekin. Bizitza osoa Ilunpen pasatu dut, Frontoi Txikian oraintsu arte.

Zer esan nahi du zuretzat profesional izateak?

Nire ametsa betetzea da. Beste ardura bat du profesional izateak; erakutsi egin behar duzu zertarako gai zaren.

Amets berririk ba al daukazu?

Denok amesten dugu txapelen bat irabaztearekin, baina une honetan oso urruti ikusten dut hori. Oraingoz, hanka bat sartu dut profesionaletan, eta disfrutatzearekin aski dut.

Debuterako urduri al zaude?

Egun batzuk falta dira oraindik, eta lasai nago. Dena den, badakit bezperan-eta urdurituko naizela. Uste dut normala dela, egun handia izango delako, baina urduritasuna kontrolatzen saiatuko naiz.

Ez duzu debuta etxean egingo, baina familiakoen eta lagunen babesa izango duzu Eibarren, ezta?

Bai etxeko denak frontoian izango dira, eta lagun asko ere bai. Inguruan astelehena iristeko gogoa sumatzen dut. Egia esan, gertukoak han izatea babes handia izango da. Etxean debutatzea ederra izango zatekeen, baina Eibarren jokatzea egokitu zait, eta dena emango dut. Hala eta guztiz, uste dut egokituko zaidala partidaren bat Azpeitian jokatzea, izan festetan ala bestelako jaialdiren batean; eta hala bada, ni gustura.

Profesionaletarako pausoa emanda, zer erronka jarri diozu zure buruari?

Oraingoz, erronka handirik ez dut ezarri, ez baitaukat ezertarako presarik. Lehenengo, profesionaletako erritmora egokitu beharko dut. Dena den, disfrutatzea ere nahi dut, izatekotan hala iritsiko direlako emaitzak.

Alde handia al dago afizionatuen eta profesionalen lan erritmoaren artean?

Bai. Norgehiagokarik ez dut jokatu oraindik, baina entrenamenduetan nabaritu dut aldea. Edozein pilotariri aurre egiteko, ondo prestatu behar duzu. Pilotek karga handiagoa dute, biziagoak dira eta azkar etortzen dira.

Ez da kasualitatea: bi urtetan Ilunperen harrobiko bi pilotarik egin duzue profesionaletarako jauzia.

Ilunpe gauzak ondo egiten ari denaren seinale da; bai kluba, bai gurasoak. Taldeak kluba gidatzeko duen moduak badu zerikusia horretan, lan oso ona egiten ari baita. Eta egia esan, ez da erraza; izan ere, gero eta ume gehiagok ematen du izena klubean.

Alberdik iaz egin zuen debuta Asegarcerekin. Zer harreman duzu harekin?

Beste enpresan dago, baina harreman oso ona daukat [barrez]. Ni baino urtebete zaharragoa da, eta txikitatik batera aritu gara frontoian.

Haren aurka jokatzea gustatuko al litzaizuke?

Beno... Orain bera ondo dabil eta, igoal aurrerago nahiago [barrez]. Bromak aparte, gustura jokatuko nuke Alberdiren kontra. Partida polita izango litzateke: bi azpeitiar elkarren aurka.

Etxetik al datorkizu pilotarako afizioa?

Bai. Aita pilotaria izan zen afizionatuetan, eta aitona ere bai, profesionaletan. Beraz, etxean frontoiko giro hori asko bizi izan dute, eta niri ere pilota kontuak transmititu dizkidate txikitatik.

Ordutik hainbat txapel jantzi duzu. Bereziki kuttunik bai?

Kuttunena iaz Antiguako [Donostia] txapelketan irabazi nuena da, baina Herriarteko txapelak ere bereziak dira.

Herriartekoan segitzen du Azpeitiak, baina debuta tarteko, zuk ezingo duzu lehian jarraitu...

Pena da, baina halaxe egokitu da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide