Duela 50 urte, ekainaren 8an, aurkitu zuten Ekain kobazuloa Andoni Albizuri zenak eta Rafael Rezabalek (Azpeitia, 1930).
90 urte eskuarekin ukitzen ari den honetan, alde batera utzita du arkeologia, ez inbidiarik pasatu gabe, ordea.
1969ko ekainaren 8an aurkitu zenuten Ekaingo koba. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Hiru edo lau aldiz pasatuak ginen Sastarrain aldetik, baina beti neka-neka eginda iristen ginen hara, eta hantxe bukatzen genuen buelta. Egun hartan Albizuri eta biok elkartu ginen, eta hark proposatu zidan Sastarrain aldera joatea. Gaur egungo erraztasunik gabe baina tresnak hartuta abiatu ginen. Baserri batean esan ziguten han inguruan bazela zerbait, eta halaxe egin genuen topo metro inguruko sarrerarekin.
Haitzulora sartzean, zerekin egin zenuten topo?
Beti bezala, bakoitza alde banatatik sartu ginen, arrastaka, zerbaiten bila. Ni abiatu nintzen aldean, eskuinean, zuloak-eta estalita zeuden; artzainak animalien beldurrez zuloak tapatzen ibiltzen ziren, eta gu, berriz, horiek zabaltzen. Ireki nuen, bada, zuloa, eta haizea sumatzen nuela esan nion Albizuriri. Zuloa zabalduta, arrastaka sartu ginen barrura, eta ikaragarrizko bobeda ikusi genuen aurrean. Bakoitza alde banatatik abiatu ginen berriz ere, eta... Ikaragarria izan zen orduan bizi izan nuena: horma guztia margoz estalita zegoen. Izugarrizko orrua egin nion Albizuriri. Hark pentsatuko zuen: "Hau erori duk orain ere". Etorri zenean sekulako besarkada eman genion elkarri. Zoramena izan zen hura, eta berehala atera ginen kobatik, galduta sentitu ginelako.
Jabetu al zineten egin zenuten aurkikuntzaren tamainaz?
Bai, bai, konturatu ginen izugarrizko aurkikuntza egin genuela, bestela ez genien adituei deituko. Dena den, gerora jakin genuen aurkikuntzaren tamaina zenbaterainokoa zen.
Zer pasatu zitzaizuen burutik labar artea aurkitzean?
"Ez zioagu inori esango!", esan genion elkarri, baina... Kuadrillarekin elkartu eta aguantatu ezin isilik, eta lagunei esatea erabaki genuen.
Dena den, zentzuz jokatu zenuten: adituekin jarri zineten harremanetan berehala.
Aita Barandiarani deitu genion zer aurkitu genuen azaltzeko, eta hasieran ez zuen sinetsi. Halako batean etorri egin zen, eta hala esan zigun: "Hainbeste ibili gaituk eta guri ez egokitu parean!". Lanean hasi ziren gero, eta kostatu zitzaien haitzuloan zegoen dena aurkitzea; izan ere, erraza da margoak ikustea, baina zaila izaten da aztarnak aurkitzea.
Noiz itzuli zineten berriz Ekainera?
Lanean aritu ziren bertan Altuna, Areso, Barandiaran eta beste hainbat lagun, eta haiengana joaten ginen pixka bat ikastera. Horiek azaldu ziguten zer aurkitu genuen. Barrura, baina, ez naiz gehiago sartu.
Zergatik espero zenuten Sastarrain bailaran zerbait aurkitzea?
Ordurako hainbeste gauza aurkituta zeuden... Gainera, gure inguruko parajeak ikusita bagenekien zerbait egon behar zuela inguruotan. Hainbat lekutan zeuden aztarnak, eta beti esaten genuen guk kaskezur bat bilatu behar genuela. Errezil aldean burezur bat eta keramika bat aurkitu genituen lehenago, baina Ekaingoa moduko aurkikuntzarik ez genuen egin orduraino.
Zuek afizioz aritzen zineten arkeologia lanetan.
Gu libre genituen orduetan –gutxi izaten ziren– joaten ginen bilaketa lanetara. Dena den, zerbait aurkitzen genuenero adituekin jartzen ginen harremanetan; Aranzadiko kideekin harreman handia genuen.
Bizitzaren zati handi bat eman duzu arkeologiari lotuta. Zer eman dizu?
Poz ikaragarria, eta oraindik eta gehiago jakiteko gogoa. Eta horrekin bizitzea ez da erraza! Anaiaren bidez elkartu nintzen ni Andonirekin [Albizuri]. Kuadrillakoak ziren biak, eta Andoni bazkaltzera etorri zen batean hasi ginen hizketan. Nik mendizaletasuna nuen Izarraizpean jaiotakoa izanik, baina kuadrillan-eta ez zituzten ulertzen aztarnei buruz-eta kontatzen nizkien gauzak: "Hi kaskatuta hago!", esaten zidaten. Hori kontatu nion Andoniri, eta listo. A ze gizona! Biok zoratuta ibili ginen batera eta bestera bueltaka.
Ordurako martxan zen Antxieta arkeologia taldea, eta hara batu zinen. Zer izan da talde hori zuretzat?
Bizitzeko poz handia eman didan taldea. Lan latza zen mendikoa, baina asko gozatu genuen afizioaz. Lehen bilerak Albizuriren etxean egin genituen, eta gero haren ganbaran.
70eko hamarkadan arkeologiak ez zuen gaur hainbeste indar izango, ezta?
Albizuri eta beste lagun batzuk mendian ibiltzen ziren aztarna bila. Haiek sortu zuten taldea. Mendizaleak ziren, baina horrez gain, arkeologiarekiko jakin-mina zuten. Gu ere mendizaleak ginen, eta mendira bueltaka hasi ginen lauzpabost lagun. Betidanik sentitzen genuen zerbait aurkitzeko beharra. Izan ere, entzuten genuen halakok eta bestek aztarnak-eta bilatu zituztela. Arrasate aldera-eta joaten hasi ginen, eta "hemen egon behar dik ba zerbaitek" esaten genion elkarri. Horrek mugiarazten gintuen.
Ekaingo aurkikuntza izan al zen inflexio puntua taldearentzat?
Bai, orduan hartu zuen Antxietak indarra, nahiz eta aurretik ere lan ugari egiten zuen taldeak. Niretzat garrantzitsuena Ekain izan da. Egin genuen lehen aurkikuntza, berriz, Aintzulo kobakoa izan zen, eta Erraila kobazuloko aurkikuntzari ere garrantzia handia ematen diot.
2015ean bete zituen 50 urte Antxietak. Orain ez zara taldean aritzen, baina inbidia ematen al dizu egiten duten lanak?
Ez da kasualitatea taldeak mende erdia egitea. Lan oso neketsua da arkeologia, oso zaila eta latza; izan ere, segi eta segi aritzea eskatzen du. Gaur egungo taldeak duen meritua... Harro sentitzen naiz beraiez; igandero-igandero joaten dira batera eta bestera. Batzuek esaten dute arkeologia zoroetxeko lana dela; igual hala izango da, baina zer egingo diogu ba gustukoa bada!
Antxietak hainbat aurkikuntza egin du urteotan. Urola bailaran aztarnategi gehiago badagoela uste al duzu?
Bai. Izarraitzen etxeko sukaldean bezala ibiltzen ginen gu, eta Zestoa eta Aizarna aldera joaten ginen gero. Handik bueltan Errezilera iristen ginen. Beti esaten genuen zerbait egongo zela paraje haietan, eta bai egon ere! Azaldu direnak eta azalduko direnak! Gu pasatu ginen leku horietatik, baina Antxietakoek hainbat aurkikuntza egin dute gerora. Ikusi besterik ez dago zer lan egiten ari diren; guk aurkikuntzak egindako tokietan asko sakondu dute. Izugarrizko lana egiten ari dira Antxietako kideak.