Atzo arratsaldean jokatu zuten Aizarnabalen aurtengo Gervaisen Oroimenezkoa, elite, 23 urtez azpiko eta junior mailetako erlojuaren kontrako Gipuzkoako Txirrindularitza Txapelketa. Eskualdeko txirrindulari bat, Oier Ibarguren azpeitiarra, podiumera igo zen: 23 urtez azpikoetan hirugarren postua lortu zuen Ibargurenek, Xabier Mikel Azparren txapeldunaren eta Mikel Mujikaren ondoren sailkatuta.
Brontzezko dominarekin iaz egindako lana hobetu arren –laugarren tokian sailkatu zen 2018an–, sentsazio gazi-gozoak utzi dizkio Ibargureni atzoko lasterketak. Joan den urteko emaitzarekin "batere gustura ez" zela geratu eta aurtengoa "mimo handiz" prestatu duela azaldu du azpeitiarrak, baina bizikletarekin izandako gorabehera batzuk tarteko, ez zen gustura aritu lasterketan. "Bizikletaren eserlekua lau zentimetro atzeratu behar izan nuen. Entrenatzen erabili dudan postura aldatu beharra izan nuen, ondorioz, eta horrek kalte dezentea eragin zidan. Egitea nahi nuen denboratik nahikoa urruti gelditu nintzen, eta sentsazio txarrarekin, gainera. Hala ere, hirugarren postua lortu nuen eta, bueno", azaldu du. Zarauzko Eulen taldeko Aritz Kortabarria antzuolarra laugarrena izan zen gizonezkoen 23 urtez apizkoen lasterketan.
23 urtez apizkoen emakumeen proban, berriz, Amaia Imazentzat izan zen garaipena, Garazi Erostarberen eta Ainhize Barrainkuaren aurretik. Junior mailan, Iñaki Diazentzat izan zen txapela gizonezkoetan, Haritz Chicoren eta Enekoitz Azparrenen aurretik; eta Ekhiñe Rivas izan zen azkarrena emakumeetan, Xubane Garairen aurretik. Gizonezkoen junior proban, Alex Uranga zestoarra laugarren postuan sailkatu zen.