Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea hasiko da gaur Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 12a

Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak antolatuta, Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea egingo dute gaurtik zapatura bitartean, Azpeitian. Egitasmoaren bidez, Euskal Herri osoko "borondate sozialista" batu nahi dute bi taldeek, eta haien arabera, topaketek "lan egiteko egunak" izango dituzte ardatz: "Hori da sozialiston lan filosofia, indar desberdinak antolatuz gure jardunaren potentzia biderkatzea eta potentzia hori prozesu sozialista elikatzea xede duen hainbat proiektu indartzeko erabiltzea".

Era berean, "komunitatea indartzeko", gai politikoak eztabaidatzeko hitzaldiek eta aisialdirako ekintzek ere izango dute tarterik datozen egunetan egingo duten Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunean.

Lan saioek, hitzaldiek, mahai inguruek, ikuskizunek edota kontzertuek hartuko dute egitasmoaren egitaraua, eta horiek herriko txoko desberdinetan gauzatuko dituzte. Lan saioak, esaterako, Gaztetxean eta Esklabetan egingo dituzte, beste hainbat lekuren artean. Astegunean, bazkari eta afaritarako, Azoka Plazan elkartuko dira gazteak, eta zapatuko bazkaria Betharrameko frontoian. Egun horretako kontzertuak, berriz, Sanagustin kulturgunean eskainiko dituzte, eta Bake faltsua, Rodeo, Droga purpura eta Kontuz! taldeak ariko dira zuzenean 19:00etatik aurrera. Han izango da egun horretako ekitaldi politikoa ere.

Hezkuntzaz, generoaz, gazte problematikaz eta antolakundeaz eta Euskal Herriko ziklo politikoaz eztabaidatzeko eta hausnartzeko aukera ere izango dute gazteek, Soreasu antzokian.

Hona hemen topagunearen egitaraua:

EGITARAUA

  • Gaur, asteazkena:
    10:00-19:00. Lan eguna.
    14:00. Bazkaria.
    21:00. Afaria.
    22:00. Pailazo ikuskizuna.
  • Bihar, osteguna
    10:00-19:00. Lan eguna.
    14:00. Bazkaria.
    21:00. Kantu afaria.
  • Ekainak 14, ostirala
    10:00-13:00. Lanaren amaiera.
    Ondoren, bazkaria.
    16:00-18:00. Hezkuntza, genero eta gazte problematika hitzaldiak.
    18:00-20:00. Gazte antolakundea: jarraikortasuna eta hausturak hitzaldia.
    21:00. Afaria.
    22:00. Pobresiak.
  • Ekainak 15, larunbata
    10:00-12:00. Prozesu sozialista.
    12:30-14:30. Ziklo politiko berria Euskal Herrian mahai ingurua.
    14:30. Bazkari girotua.
    19:00. Kontzertuak: Bake faltsua eta Rodeo.
    Ondoren, ekitaldi politikoa eta kontzertuak: Droga purpura eta Kontuz! erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide