Herri kirol zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute ostiral gauean Azpeitiko Izarraitz frontoian. Izan ere, 22:00etan hasita, bost final jokatuko dituzte pilotalekuan: 19 eta 23 urtez azpiko aizkolarien banakako txapelketetakoak; Urrezko Aizkolari gizonen banakako lehiakoa; emakumeen trontza txapelketakoa; eta Urrezko Harri-jasotzaileen binakako lehiakoa.
Atzo, asteartea, egin zuten herri kirol jaialdiaren aurkezpena antolatzaileek, Azpeitiko udal ordezkariek eta finaletan parte hartuko duten kirolarietako batzuek, eta bost norgehiagoketan zein kirolari lehiatuko diren azaldu zuten. Urrezko Aizkolarien finalean ariko diren hiru finalistetatik bi eskualdekoak dira: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Iker Vicente arituko dira nor baino nor. 23 urtez azpiko txapelketaren finalean, berriz, Julen Larrea Larrea III.a, Oier Kañamares Kañamares IV.a eta Joxean Etxeberria Etxeberria II.a lehiatuko dira, eta 19 urtez azpikoen lehian Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarra, Hodei Ezpeleta eta Xuban Kañamares Kañamares V.a izango dira.
Joan zen urtean, emakumezkoen aizkora txapelketa jokatu zuten Izarraitzen, eta horren ordez, binakako trontza txapelketa jokatuko dute aurten. Karmele Gisasola eta Usue Ansorregi, Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Lizana eta Itsaso Onsalo eta Leire Astiazaran bikoteek neurtuko dituzte indarrak final horretan.
Harri-jasotzaileei dagokienez, honako hiru bikote hauek parte hartuko dute finalean: Imanol Albizu Goikoetxek eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilagunak; Jon Gisasola Zelai V.ak eta Jokin Eizmendi zarauztarrak; eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak eta Aimar Galarraga oriotarrak.
Sarrerak, egunean bertan
Finalera joateko sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, eta herritarrek 20:30etik aurrera izango dute horiek erosteko aukera frontoiko lehiatilan, 21 eurotan. Horrez gain, Azpeitiko Udalak bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu herritarren artean. Zozketan parte hartu nahi dutenek ostiraleko 12:00ak bitartean izango dute horretarako aukera, udaletxeko 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta edo udalzozketak@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita. Zozketan parte hartzen dutenek izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbaki bat zehaztu beharko dituzte, eta udalak ostiral eguerdian emango du saridunen berri.
Eneko Etxeberria Azpeitiko jarduneko alkateak eskerrak eman zizkien antolatzaileei, beste behin kirol txapelketen finalak jokatzeko Azpeitia aukeratzeagatik.