Gaztetxe Ibiltaria antolatu du Azpeitiko Gaztetxeak hilaren 28tik 30erako

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 5a

Zumaia-Itziar-Mutriku-Azpeitia ibilaldia osatuko dute egun horietan. 2002. eta 2003. urteetan jaiotako gazteei zuzendutako egitasmoa da eta parte hartu nahi dutenek hilaren 19a arte eman dezakete izena.

Egitasmo berria prestatu du Azpeitiko Gaztetxeko asanbladak ekainaren azken egunetarako: Gaztetxe Ibiltaria. 2002. eta 2003. urteetan jaiotako gazteei zuzenduta dago, eta ekainaren 28tik 30era bitartean izango da. Egun horietan, Zumaia-Itziar-Mutriku-Azpeitia ibilaldia osatuko dute egitasmoan parte hartzera animatzen diren gazteek.

"Urtea hastearekin batera hasi ginen asmoari forma ematen, eta hilabeteotan adin horretako gazteekin harremanetan jarri gara egitasmoaren berri emateko, beren iritziak jasotzeko eta grinak ezagutzeko. Aurrez aurreko harremanen aldeko hautua egin dugu, eta modu horretan, elkarrekin osatu dugu Gaztetxe Ibiltariaren egitaraua", azaldu dute gaztetxekoek. Hiru egunetan herriz herri egingo dituzten mendi txangoez gain, "denetariko jarduerak" iragarri dituzte antolatzaileek, "jolasak edo aisialdiaren eta harreman ereduen inguruko hainbat dinamika" aipatuz. Otorduak ere elkarrekin prestatuko dituztela aurreratu dute, "eta horrela, sukaldean aritzen ikasteko aukera izango dute gazteek".

Hainbat gaztek eman dute dagoeneko Gaztetxe Ibiltarian parte hartzeko izena, baina izen emate epea irekita dago oraindik, hilaren 19a arte. Gaztetxe Ibiltarian parte hartu nahi dutenei izena "ahalik eta azkarren emateko" dei egin die, hori bai, Gaztetxeak. Izena emateko zein egitasmoaren gainean informazio osoa jasotzeko, azpeitikogaztetxie@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide