Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanean antolatutako ikastaro bat izango da ekainaren 7an eta 14an Basazabal jauregian, 09:00etatik 14:00etara bitartean. David Fernandez de Retana Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide eta Ekonomia Enpresen Zientzien fakultateko irakasleak gidatuko du formakuntza saioa, eta enpresen lege arloetan sakontzeko interesa duen orok eman ahalko du izena. Negozioak esparru juridiko bati lotuta daude, eta esparru hori ondo ulertu eta zuzen aplikatzeko esparru horretan hartzen diren erabakiek zer ondorio dakartzaten ezagutu behar da; ikastaro honetan enpresa mota nagusiak aztertuko dira, enpresa bat eratzeko lege prozesua zein den ikasiko da, eta zein diren edozein enpresa erakundek dituen betebehar juridikoak.
Azpeitian erroldatutakoek 6,75 euro ordaindu beharko dute formakuntza saioa, eta gainontzekoek 8,10 euro. Ikastaroa ordaintzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat laguntza eskaintzen du udalak, eta matrikulatzerakoan eskatu ahal izango dute interesatuek xehetasun gehiago.