Azpeitian apustu makinak dituzten tabernetan gutunak banatu ditu Elkar-ekinek, "hausnarketara gonbidatuz"

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 29a

Herriko apustu etxearen kontra martxan jarri zuten kanpainari jarraipena ematen ari da taldea, "apustuen inguruko kontzientziazio lanarekin jarraituz".

Azpeitian ireki duten apustu etxearen kontrako dinamikari luzapena eman dio Elkar-ekin taldeak, "apustuen inguruko kontzientziazio lanarekin jarraituz", orain, herriko ostalaritza negozietan dauden apustu makinak aintzat hartuta. Horrela, herriko tabernetan dauden apustu makinen inbentarioa egin eta aurkeztu zuen Elkar-ekinek hil honen erdi aldean, eta ondoren, tabernetan gutunak banatu dituzte, apustuek dakartzaten ondorioak azalduz.

Azpeitian ostalaritzako 67 lokal daude (kafetegi, taberna eta jatetxe), eta horietako 26tan dituzte makinak. Guztira, 33 makina daude 26 lokal horietan; apustu etxean dituzten 21ekin, denera 54 apustu makina daude gaur egun Azpeitian. Horiek dira Elkar-ekinek egin duen inbentarioaren emaitzak. Inbentarioa eginda eta aurkeztuta, makinak dituzten ostalariekin harremanetan jartzea izan da Elkar-ekinek eman duen pauso berria. "Azken egunetan hainbat tabernatatik pasatu gara Elkar-ekineko kideok, egiten ari garen kanpainaren berri emanez eta gutun bat utziz. Giro onean joan dira elkarrizketa horiek", azaldu du taldeak.

Gutunean, Elkar-ekinek herrian abiatutako dinamikaren berri azaltzen zaie tabernariei, baita apustuek gizartean sortzen dituzten arazoak ere, eta horiekiko kontzientzia hartuta, makinak tabernetatik kentzeko eskaera egiten zaie, besteak beste. Hau da Elkar-ekinek tabernetan banatu duen gutuna, osorik:

"Kaixo Azpeitiko ostalari hori,

Dagoeneko jakingo duzuen bezala, Elkar-ekin taldeko kideok apustu etxearen aurkako dinamika bat jarri genuen martxan duela urtebete inguru.

Izan ere, honelako lokal baten irekierak gure herrian izan zitzazkeen ondorioak asko kezkatzen gintuen. Krisi garaietan, okerren daudenen esperantza bilakatzen da apustua, etsipen horretan dena galtzeraino, apustu etxeen atzean dauden enpresek dirutzak ateratzen dituzten bitartean.

Azken datuen arabera, 4 gaztetik 1ek ludopatia zantzuak ditu; honen ondorio larrienak lehenengo pertsonan ezagutzeko aukera izan dugu, gure herriko hainbat lagunen esperientzia ilunak entzunda.

Argi izan arren gure helburu nagusia apustu etxea gure herritik bidaltzea dela, apustu makina ezberdinak dituzuen ostalariak ere arazoaren larritasunaz jabetu eta kontzientziazio lan honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Jakitun gara, noski, apustu makinek diru sarrera bat suposatzen dutela zuen negozioetan. Hala ere, asko dira makinarik gabe diharduten tabernak, eta badira hauen ondorioez kezkaturik makina kentzeko erabakia hartu dutenak ere.

Eskutitz honen bitartez, apustu makinek sor ditzazketen etorkizuneko arazoei aurre hartu eta zuen alea jartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu, beste batzuen bideari jarraiki, zeuen makinak ere tabernatik kenduz.

Hala erabakiz gero, gurekin harremanetan jartzea eskatuko genizueke; hilabete batzuen barruan datuak publiko egingo ditugu, apustu makinarik gabeko herri baten aldeko dinamika hauspotuz.

Bide honetan elkar ikusiko garelakoan, mila esker arretagatik eta ondo segi".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide