EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Azpeitian. Gehiengo osoa berretsi du, botoen %57,11 lortuta (4.489 boto). EAJk, berriz, bozen %38,49 jaso ditu; 3.025 boto. Bi alderdi horien ordezkariekin osatuko da, horrenbestez, Udala datozen lau urteetan: EH Bilduk hamar zinegotzi izango ditu eta EAJk zazpi, 2015-2019 agintaldian bezalaxe. Beraz, Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea 2019-2022 agintaldian. Kargu-hartze ekitaldia ekainaren 15ean, larunbatez, izango da.
Zerrenda aurkeztu duen hirugarren alderdiak, PSE-EEk, botoen %3,2 jaso ditu (252 boz). Parte-hartzea orain dela lau urteko udal bozetakoa baino handiagoa izan da; izan ere, %29,29koa izan da abstentzioa gaur, eta %34,17koa izan zen 2015ean. 106 izan dira boto zuriak (%1,18) eta 82 baliogabeak (%1,03).
Nagore Alkorta EH Bilduren zerrendaburuak eta datorren agintaldian Azpeitiko alkate izango denak "oso hunkituta" dagoela esan dio Uztarria.eus-i, udal bozen emaitzak jakin berritan. Haren esanetan, EH Bilduk emaitza "oso onak" lortu ditu: "Herritarrek Bilduk eta EH Bilduk azken zortzi urteotan egindako kudeaketa zoriondu dute hauteskundeetan, baita aurkeztu dugun taldea ere". Alkortak "poz-pozik" zeudela esanda, herriaren alde lan egiteko "gogoz eta ilusioz" daudela adierazi du. Gainera, hark eskerrak eman dizkie azpeitiarrei.
Amaia Etxeberria EAJren zerrendaburuak aitortu du emaitzak ez direla izan esperotakoak, baina adierazi du horrek ez diela lanerako gogorik eta ilusiorik zapuztu. "Beti esan dugu guretzat lehentasuna Azpeitia eta azpeitiarrak direla, eta horretarako lan egin dugu orain arte ere. Aurrerantzean ere hala jarraituko dugu, Azpeitiak merezi duelako eta hori delako gure lehenetasuna". Etxeberriak eskerrak eman dizkie atzo botoa ematera joan ziren herritar guztiei, baita EAJren aldeko boza eman zuten azpeitiarrei nahiz azken asteetan babesa agertu diotenei: "Zuen hitza ezinbestekoa da, zuek zaretelako Azpeitia osatzen duzuenak".
Joera bera foru hauteskundeetan eta Europako bozetan
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan ere EH Bildu nagusitu da Azpeitian. Udal bozetan baino boto kopuru txikiagoa jaso du koalizioak; %49,05 (3.850 boz). EAJ izan da bigarren indarra, botoen %42,62 eskuratuta (3.345 boto). Bi alderdi horiek 2015eko foru bozetan baino boto gehiago jaso dituzte; izan ere, EH Bilduk botoen %47,61 jaso zituen orduko hartan, eta EAJk bozen %42,18. Hirugarren indarra PSE-EE izan zen, 302 boto eskuratuta (%3,84). Haren atzetik izan zen Podemos 187 bozekin (%2,38), eta PP 117 botorekin (%1,49). Boto baliogabeak 78 izan ziren, eta zuriak 47. Abstentzioa %29,32koa izan da; hau da 7.926 lagunek eman dute boza foru hauteskundeetan.
51 batzarkidek osatzen dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusiak: 20 EAJk lortu ditu, 17 EH Bilduk, 9 PSE-EEk, 4 Elkarrekin-Podemosek eta 1 PPk. Atzoko emaitzak tarteko, badira datorren agintaldian batzarkide izango diren azpeitiarrak eta Azpeitiko bizilagunak. Hain zuzen ere, Maria Jesus Zelaia (EAJ), Eider Mendoza (EAJ), Jabier Altuna (EAJ), Arantxa Zubizarreta (EAJ) eta Estitxu Elduaien (EH Bildu).
Europako parlamentua osatzeko bozetan ere EH Bildu-Orain Errepublika izan da garaile Azpeitia. 3.552 boto lortu ditu koalizioak (%48,16), eta bigarren indarra izan da EAJ, 2.950 botorekin (%40). PSOE alderdiak, berriz, 301 boto eskuratu ditu (%4,08), eta haren atzetik 239 boto jaso ditu Elkarrekin-Podemosek (%324); PPk, bestalde, 107 boto lortu ditu (%1,45). Azpeitian %69,85eko parte hartzea izan da Europako hauteskundeetan.
Alkate berriaren hitzak, bideoan
Nagore Alkorta (EH Bildu) izango da Azpeitiko alkate berria, baita herriko lehen emakume alkatea ere, Eneko Etxeberriaren lekukoa hartuta. EH Bilduk gehiengo osoa izango du udalean hirugarren agintaldiz jarraian, eta koalizioko kideen poza adierazi du Alkortak bideo labur honetan. Emaitzak jakin eta ospatu berritan, hitz hauek zuzendu dizkie alkate berriak herritarrei.
https://youtu.be/3-GBZsqztgc