Zer dela-eta aurkeztu zara alkategai?
Proposamena egin zidatenean, Azpeitiko Udalean ari nintzen lanean. Asko pentsatu eta gero, baiezkoa ematea erabaki nuen, arrazoi asko tarteko. Batetik, uste dut azken urteetan kudeaketa oso ona egin duela Azpeitiko Udalak eta herria egoera onean dagoelakoan nago; bestalde, eraldaketa eman da herrian, orain herri bizia eta dinamikoa da Azpeitia. EH Bilduren indar metaketa aberasgarria izan da, eta horrek ere izan du eragina nire erabakian.
Nolako hautes zerrenda osatu duzue?
Kostatuta, baina uste dut zerrenda ezin hobea osatu dugula. Eremu desberdinetan herrigintzan aritu diren herritarrak batzen saiatu gara. Pentsaera desberdinak izanagatik, EH Bilduren proiektu komunean sinesten dugun pertsonak gara, eta ezin dugu ahaztu aurreko Udal Gobernuan pisu handia izan duten pertsonek ere segituko dutela. Osotasunean begiratuta, talde ezin hobea dauka Azpeitiko EH Bilduk.
Kanpainan murgilduta zaudeten honetan, zer sentipen dituzu?
Egun gutxi falta dira bozetarako, eta ardura handia sentitzen dut. Izan ere, azken zortzi urteotan Eneko Etxeberria izan da alkatea, eta boz hauetan ere, EH Bildu leku onean utzi nahi dut. Bestalde, ilusioz nago eta emozioa ere badaukat, herritarrak naturaltasunez gerturatu zaizkidalako kalean eta horietako askok animoak eman dizkidatelako. Hauteskundeak iristeko gogoz nago.
EH Bilduk zortzi urte daramatza Azpeitiko Udal Gobernuan, gehiengo osoarekin. Orain arte egindako bidea urratzen segitu nahi duzula adierazi duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Zortzi urteotan egin den lana oso ona izan da, eta herritarrek ere hala adierazi digute horien iritziak jasotzeko egin dugun parte hartze prozesuan. Politika aurrerakoiak gauzatzen hasi gara, eta horretan jarraitu eta sakondu nahi dugu datorren agintaldian. Eta, ahal bada, salto bat ematen ere saiatuko gara.
Herri programa bost ardatz nagusiren gainean osatu duzue. Zeintzuk dira EH Bilduren erronka nagusiak?
Herritarren lehentasunak hartu ditugu kontuan erronka nagusiak definitzeko. Zugandik hasita herria egiten galdetegia erabili dugu herritarren lehentasunak zeintzuk diren jakiteko, eta horrek markatu dizkigu gure lan ildoak. Argi dago: herritarren kezka nagusiak lanari nahiz ekonomiari lotutakoak dira. Beraz, sustapen ekonomikoaren bidetik segituko dugu, udala izanik ekonomiaren motorra. Bestalde, langabezia tasa asko jaitsi da urteotan, baina lanaren kalitateak kezka sortzen digu. Hori dela eta, enpleguaren kalitatea nolakoa den aztertu nahi dugu, eta diagnosia gauzatuta, hainbat neurri hartuko dugu. Gizarte beharrei dagokienez, berriz, adinekoen zerbitzuetan zentratuko gara, hala nola adinekoen egoitzako eta eguneko zentroko etorkizuneko plazen aldeko apustua eginda. Horrez gain, etxebizitza politika sozialaren aldeko lana egingo dugu, herritarren beharretan arreta jarrita. Elkarbizitzaren bidean, berriz, eman diren pausoekin aurrera segituko dugu.
Zeintzuk dira Azpeitiaren indarguneak? Eta ahulguneak?
Azpeitiaren indargunea herri eragileetan dagoela uste dut, eta EH Bilduk erakutsi du, udalgintzan egonik ere, eragileekin bat egiten duela. Horri eta herritar askoren lan boluntarioari esker, sortu da parte hartze sare bat. Herrian eragileek duten pisua oso garrantzitsua da herri proiektuarekin aurrera segitu ahal izateko. Zer egin daitekeen hobeto edo zer dagoen hobetzeko? Industria da Azpeitiko ekonomiaren motorra, eta arlo horretan gehiago sakondu daitekeela uste dugu. Lur industrialen auziari modu sakon batean heldu behar diogu.
Joan zen apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeetan EAJ izan zen nagusi Azpeitian. Boto joera errepikatuko al da udal bozetan?
Ez dut uste Espainiako hauteskundeetako boto joera berretsiko denik. Izan ere, uste dut bi partida oso desberdin direla Espainiako hauteskundeak eta udaletako bozak. Herritarrek ikusi dute EH Bilduk zer lan egin duen herrian, eta aurkeztu dugun hautes zerrendaren izaera ikusirik, uste dut herritarrek kontuan hartuko duela bai egindako lana, bai osatu dugun lantaldea.
Joan zen asteko mahai inguruan Amaia Etxeberria alkategaiak esan zuen EAJren jarrera beti izan dela elkarlanerakoa, eta EH Bilduk azken urteetan hartu duela bide hori. Ados al zaude?
Bildu lehenik eta EH Bildu gero, gehiengo absolutuarekin izan da Udal Gobernuan, eta beti erakutsi du elkarlanerako prestutasuna. Gainera, proiektu nagusietan beti saiatu da udalean ordezkatuta dauden alderdi guztien aldeko botoa lortzen; izan ere, badakigu alkate izatera iritsiz gero, herri osoarentzat gobernatzen dugula.
Gertatzen dena gertatzen dela, esana duzu elkarlanerako bidea zabalik egongo dela datorren agintaldian ere.
Hala da, eta alkatetza lortuz gero, ez nuke esandakoa hitz hutsetan geratzerik nahi. Lehenik, irabazi egin behar dira hauteskundeak, baina irabaziz gero, argi izan behar da herri osoarentzat gobernatzen duzula. Horrek esan nahi du eremu desberdinetan nahiezkoa izango dela elkarlana.
Zer emaitza espero dituzue igandeko bozetan?
2015eko udal hauteskundeetan erdietsitako babesa lortzea espero dut, benetako lana eta apustua egin ditugulako urte guztiotan.
Zergatik bozkatu behar dute herritarrek EH Bildu?
Atzera begiratu besterik ez dago: azken zortzi urteotan egin duen lanagatik eta herri proiektu batean sinesten dugulako. Nolako herria daukagu 2019. urtean? Herri bizia, dinamikoa, denek lekua dutena, aurrera egin nahi duena... Gainera, uste dut baliabide publikoen kudeaketa garden eta justua egin duela EH Bilduk. Asko dago oraindik egiteko, baina politika aurrerakoiekin segitzeko, herria hobetzen jarraitzeko eta jauzia emateko bermea dira EH Bildu eta Azpeitirako osatu duen hautes zerrenda.