Lau urtez izan zara zinegotzi. Zure lehen esperientzia izan da udalean. Zer moduzkoa izan da?
Esperientzia, oro har, ona izan da. Lau urteok asko erakutsi didate eta, batik bat, udalak nola funtzionatzen duen ezagutzeko lagungarriak izan zaizkit. Izan ere, ikuspegi oso desberdinak dira udala kanpotik ikusten duen herritarrarena eta barrutik ikusten duenarena; ezustekoak hartzen dituzu. EH Bildurekin errespetuzko harremana izan dugu. Aurreko agintalditik zetorren elkarlan giroa sumatu dut, aurrekoaren lehenengo bi urteak bestelakoak izan zirela ere badakidan arren.
Aurrepausoa eman duzu orain, alkategai izatea onartuta. Pauso hori ematea nolakoa izan da?
Zaila. Ez da edonolako erantzukizuna herriarentzat eta herritarrentzat aritzea. Egia da, ordea, babes handia izan dudala, banekien atzetik lantalde bat dagoela. Gainera, udalean teknikari oso onak dauzkagu, horretara daudenak. Detaile horiek guztiak kontuan izanda hartu nuen erabakia. Ohore bat da, batetik, proposamena jasotzea; bestetik, baiezkoa ematen duzunean, badakizu buru-belarri heldu behar diozula erronkari.
EAJ oposizioan egon da azken bi agintaldietan, gehiengo osoa izan duen EH Bilduren aurrean. Urte askoan udalean agintea izatera ohitutako alderdi batentzat, zer eragin izan du horrek?
Denok nahi dugu agintea izatea, noski, eta hauteskunde batzuetara aurkezten zarenean helburu horrekin aurkezten zara. Egia da, ordea, ikasi behar dela oposizioan egoteak zer esan nahi duen ere. Azken bi udal hauteskundeetan herriak erabaki zuen aukera EH Bilduri ematea, eta errespetu osoarekin, oposizioa egitea tokatu zaigu. Oposizio hori ahalik eta ondoen egitera bideratu dugu lana, herriarentzat gure ekarpenak eta iritziak mahai gainean jarriz, eta udal barruan elkarlan giroan.
Azken bi hauteskundeetan, Espainiakoetan, EAJ izan da Azpeitian boto gehien jaso duena.
Ez dira parekoak Espainiakoak eta udal hauteskundeak. Hala ere, aipatzekoa eta zoriontzekoa iruditzen zait azkenekoetan, joan den apirilaren 28an, izan zen parte hartze handia. Guri dagokigunez, konturatu gara uste ez genuen alderdikide asko hor daudela. Udal hauteskundeetan, ordea, jendeak beste ikuspegi batekin ematen du botoa, beste gauza batzuk ere hartzen ditu kontuan. Alderdia, ibilbidea, zerrendetan nortzuk doazen edota zerrendaburuak zein diren… faktore bat baino gehiago sartzen dira jokoan. EAJkoa denak EAJri emango dio botoa eta EH Bildukoa denak, EH Bilduri; baina, gero, jende asko dago ez batekoa eta ez bestekoa dena, eta horiengan eragiten duten faktoreak askotarikoak dira.
Zer emaitza espero duzue igandean?
Gure helburua udala lortzea da, noski, baina hankak lurrean ditugu. Duela lau urte zortzigarren zinegotzia lortzetik 28 botora gelditu ginen; ez dira boto asko, baina jendea ez bada mugitzen, hortxe gelditzen gara. Ikusiko dugu, herriaren esku dago.
Azpeitiak zer du hobetzeko? Eta zer indargune ikusten dizkiozu herriari?
Beti dago zer hobetua. Bide ona egin du, bere batean, udalak, baina oraindik gauza asko gelditzen zaizkigu egiteko. Ekonomia da, azkenean, herri bat mugiarazten duena. Azken urteetan, uneko egoeragatik, Landetako industria eremua geldirik egon da, eta guk ikusten diogu gune horri potentziala. Izan ere, dena dago lotuta. Iruditzen zaigu industria mugitzen bada, lana kanpoan topatu behar izan duen herritar horrek herrian lan egiteko aukera izan dezakeela. Langabezia jaitsi egin da, baina ikusi egin behar dugu azpeitiarrok non eta zer baldintzetan egiten dugun lan.
Zuen programan jaso dituzuenetatik, zein puntu nabarmenduko zenituzke?
Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin hasi gara hitz egiten nondik joan daitekeen zer. Batetik, Landetako industrialdeari irtenbideak ematea da gure lehentasuna. Jabetza pribatuko pabilioi huts asko daude eta hor lanketa bat dago egiteko. Bestetik, Larrainen badugu pribatua ez den industriarako eremu bat, baina sarbideei dagokienez ez dago prestatuta. Horregatik lotzen ditugu industriari bultzada ematea eta bide azpiegiturak, eta horregatik aipatzen dugu saihesbidearen proiektua berreskuratzea. Berreskuratzeak, ordea, ez du esan nahi bere horretan egitea, baizik eta ikustea gaur egun ditugun beharrei erantzun egokia ematen dien ala ez. Baina bide azpiegiturak berritu beharra dago, dauden enpresei irtenbideak emateko, daudenak gera daitezen eta kanpotik etor daitezkeenei baliabideak eskaintzeko. Izan ere, tristea da, baina enpresa batzuk ari dira alde egiten. Pare bat etorri ere egin direla? Bai. Baina horiek ere, hazten doazen heinean, arazo berberak izango dituzte.
Gizarte zerbitzuak dira gure programaren beste ardatza. Udalak dagoeneko martxan dituen dirulaguntza lerroei eutsiko diegu; eta horiek indartu, ahal den heinean. Bestetik, Adinberrirekin ari gara hizketan, zenbait herritan adinekoak euren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izateko ematen ari diren zerbitzuez, esaterako. Egoitzak eta eguneko zentroak eskaerari erantzun ezinean dabiltza, eta horiei karga arintzeko bide bat izan daiteke; aldundiaren eskumenekoak dira, baina udalak ere badauka gauza batzuetan zeregina. San Martin egoitza nola handitu aztertzen ari gara, etxe tutelatuen kontua ere hor dago... Behar handiak dituen sektorea da, eta gero eta gehiago izango dituena.
Azpeitiak galdutako erreferentzialtasuna berreskuratu behar duela da zuen kanpainaren leloetako bat. Industria eta kultura aipatu zenituen zuk alkategaien mahai inguruan, eta kulturaz esandakoak sortu du, batik bat, zeresana. Azalduko al zenuke berriro?
Garai batean, Gipuzkoan, Azpeitiak sendotasun bat markatzen zuen kultura arloan. Zerbait berria ateratzen zenean, Azpeitian izaten zuen fokua. Bere garaian, EAJk, orduan udalean zeuden beste indar batzuek eta herrian zeuden kultur talde guztiek elkarlanean osatu zuten Soreasuko proiektua. Gero krisia etorri zen, faseka joan da egiten, eta egia da, azken fase honetan, aurreikusita zegoenetik aldatu egin dela proiektua. Gauza bera gertatu zen Sanagustinekin, eta ahaztu egiten bazaigu ere, Sanagustinen kulturgunea sortzeko proiektua EAJk bultzatu zuen. Hasi dira Sanagustin eta Soreasu batasun batean garatzen, baina hori dena oraindik eta gehiago bultzatu daiteke, Azpeitia aitzindari izan dadin.
Zergatik eman behar diote botoa azpeitiarrek EAJri?
Uste dut jendeak ezagutzen dituela EAJ markaren balioak, baita lan egiteko zer modu dugun ere, herria eta herritarrak direla gure ardatza. Horietan oinarrituta nahi dugu Azpeitia erreferentzialtasun horretara itzultzea, denok elkarlanean, eta botoa eskatzen diegu azpeitiarrei Azpeitia bizi bat nahi dugulako.