Erreferendumaren aldeko herri ekimenaren bide orria aurkeztuko du gaur Gure Eskuk Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 21a

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean, etapa berri bat hasi du Gure Eskuk, eta fase horren xehetasunak azaltzeko, ekitaldia egingo du gaur, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu dinamikaren bozeramaileek parte hartuko dute saioan.

2018an Gure Esku Dagok sustatuta egin zen giza kateko irudia.

Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean, fase berri bat irudikatzen hasi da Gure Esku, eta bide horretan, ekitaldia egingo du gaur, Azpeitian. Hain zuzen ere, erreferendumaren aldeko herri ekimenaren bide orria aurkeztuko du dinamikak gaur, asteartea, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan. Herritar guztiak gonbidatu ditu Gure Eskuk aurkezpenera.

Gure Esku dinamikak erreferendumaren aldeko herri ekimenaren aurkezpen bira hasi zuen hilaren 13an Barakaldon (Bizkaia), eta ekainaren 6ra bitartean hainbat herritan egingo ditu aurkezpen ekitaldiak. Saio horietako bat da gaur Azpeitian egingo duena.

Dinamikak azaldu duenez, etapa berrirako "helburu argi bat" mahaigaineratu zuen Gure Eskuk martxoaren 31n, Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian: "Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea". Horretarako, "erronka kolektibo" bat izateko helburua duen herri ekimena sustatuko du dinamikak. Egitasmoa "mota guztietako eragileekin" ari da partekatzen Gure Esku, eta aurkezpen birarekin herriaren "konplizitatea eta konpromisoa" lortu nahi ditu. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu dinamikaren bozeramaileek parte hartuko dute saioetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide