Larrañaga Urrezko Aizkolarien Banakako finalean da eta Txikia IV.ak sailkatzeko beste aukera bat izango du

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 20a

Azpeitiko aizkolaria zuzenean sailkatu zen zapatuan, Gasteizen jokatutako lehen finalaurrekoa irabazita. Azkoitiarra, berriz, bigarrena izan zen atzo Navaridaseko (Araba) bigarren finalaurrekoan, eta azken kanporaketa jokatzeko txartela lortu du; Ruben Saralegi izango du aurkari.

Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Iker Vicente nafarra dira ekainaren 7an Azpeitian jokatuko den Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren aurreneko bi finalistak; asteburuan Gasteizen eta Navaridasen (Araba) jokatu diren bi finalaurrekoak irabazi dituzte, hurrenez hurren, eta horrenbestez, zuzenean sailkatu dira txapela erabakiko duen saiora.

Finalean lehiatuko den hirugarren protagonistaren izena falta da jakiteko, eta hori Ruben Saralegi nafarraren eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarraren artetik aterako da. Saralegi bigarren sailkatu zen Gasteizko saioan, Larrañagaren atzetik eta Aitzol Atutxaren aurretik, eta bigarrena izan zen Txikia IV.a ere atzo Navaridasen, Vicenteren atzetik eta Rekondoren aurretik. Hain zuzen ere, bi finalurrekoetako bigarren sailkatuen arteko buruz burukotik aterako da Azpeitiko finalerako azken txartelaren jabea. Datorren igandean, hilak 25, jokatuko dute norgehiagoka hori Txikia IV.ak eta Saralegik, Bilboko Zorrotzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide