Gimnastika erritmikoko amateurren Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten hainbat lagunek atzo, Azpeitiko kiroldegian. Goiz eta arratsaldez taldeka, banaka eta erreminta desberdinekin egin zituzten saioak txapelketan parte hartu zuten gimnastek.
Azpeitiko Loretoki eta Azkoitiko Zubi-Berri klubetako kirolariak ere aritu ziren lehian. Azkoitiko klubeko kadete B mailako taldeak bigarren egin zuen lehian; Loretokiko kadete B mailako kirolariekberriz, ez zuten egun oso ona izan, eta 14. sailkatu ziren horiek. Maila berean, bakarka eta uztaiarekin, zazpigarren sailkatu zen Zubi-Berri taldeko Zihara Oñederra, eta Naroa Alberdik seigarren egin zuen mazoekin. Horien puntuazioari esker, seigarren sailkatu ziren sailkapen orokorrean.
Horiek podiumera ez ziren igo, baina azpeitiar batek lortu zuen balentria: Loretoki taldeko Nahia Odriozolak xingolarekin lehen postua eskuratu zuen jubenil A mailan eta pilotarekin bigarren sailkatu zen. Bi lan horietako puntuazioa batuta, sailkapen orokorrean lehenena izan zen Odrizola, eta beraz, Gipuzkoako txapeldun titulua eskuratu zuen azpeitiarrak. Oihane Urain azkoitiarra, berriz, seigarren izan zen pilotarekin eta bigarren xingolarekin, eta bi horietako puntuazioak batuta laugarren izan zen sailkapen orokorrean, hirugarren sailkatuarekin berdinduta.
Bestalde, Tolosako taldearekin ere lehiatu ziren Odriozola eta Urain senior A mailan, eta talde hori ere Gipuzkoako txapeldun izan zen atzokoan.
Horrez gain, Zubi-Berriko Garazi Urdalleta senior A mailan bakarka lehiatu zen; uztaiarekin eta mazoarekin egindako lanari esker, bosgarren sailkatu zen, eta laugarrena izan zen azkoitiarra sailkapen orokorrean.
Hona hemen, atzoko irudi batzuk: