Aizpurutxotik Loiolara, errefuxiatuen eta migratzaileen alde

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 19a

150 bat lagunek oinez lotu dituzte gaur Azkoitiko Aizpurutxo eta Azpeitiko Loiola, Hospitalitatearen Bideak egitasmoaren bigarren edizioan. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Jesusen Lagundiaren erakundeek sustatutako egitasmoarekin, errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideak eta haiei "harrera abegikorra" egitearen garrantzia aldarrikatu dituzte, bigarren urtez jarraian. Eguraldi txarra ikusita, hamar kilometroko ibilaldia bertan behera uztekotan izan direla aitortu dute antolatzaileek, baina egitea erabaki dute azkenean eta pozik agertu dira jendearen erantzunarekin.

Loiolan, martxaren helburuei lotutako manifestua irakurri dute. Aurten, Hospitalitatearen Bideak egitasmoak bat egin du Errefuxiatuentzako Europako Jesuiten Zerbitzuak (JRS Europe) abiarazi duen #ThePowerOfVote kanpainarekin; gaur zortzi, maiatzaren 26an, egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan botoa ematera deitu nahi dituzte herritarrak, "jatorrizko balioak leialki beteko dituen Europa baten alde: berdintasunean, duintasunean, askatasunean eta babesean oinarritutako Europa bat". Kanpaina horren mezua ere irudikatu nahi izan dute gaur Loiolan. Horrela, boto kutxa bat jarri dute basilikaren eskailera barrenean, eta martxan parte hartu dutenek zein Loiolan zain zituztenek banan-banan sartu dituzte bozak kutxan; tartean, Eneko Etxeberria alkateak.

Hona hemen, gaur eguerdiko argazkiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide