EBA Ligara igotzeko aukera lortu du Disdira Bitxitegia ISB saskibaloi taldeak

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 19a

Disdira Bitxitegia ISBk saskibaloiko Lehen Maila Nazionaleko Igoera Fasea irabazi du Hernaniko Tecnunen kontra. Hala, maila bat gorako jokatzeko aukera lortu du, Espainiako EBA Ligan, alegia. "Denboraldi oso ona" egin dutela eta "merezitako garaipena" izan dela adierazi du Eneko Irulegi taldeko kapitainak. Azpeitiko Udalak talde txapeldunari harrera egingo dio gaur, 19:30ean, udaletxean.

Saskibaloiko Lehen Maila Nazionaleko Igoera Faseko finala irabazi du gaur Disdira Bitxikitegia ISBk, Azkoitiko kiroldegian. Hernaniko Tecnunen aurka Iraurgi saskibaloi klubeko taldea izan da nagusi, 74-65 eginda. Hala, David Rodriguezek gidatzen duen Iraurgiko gizonezkoen bigarren taldeak Lehen Maila Nazionaletik EBA Ligara igotzeko txartela eskuratu du. Igoera Faseko finala ikusteko, jende asko bildu da Azkoitiko kiroldegian. Talde txapeldunari harrera egingo dio Azpeitiko Udalak, gaur, 19:30ean, udaletxean.

Finala bukatu ondoren, Eneko Irulegi Disdira Bitxitegia ISBko kapitainak adierazpen batzuk egin ditu, eta oso pozik daudela adierazi du. Haren arabera "asko sufritutako asteburua izan da, baina denboraldi oso-oso ona egin dugu, eta merezita genuen irabaztea". Orain, maila bat gorago jokatzea beren esku ez dagoela esan du Irulegik: "Gure esku ez dago datorren denboraldian EBA LIgan jokatzea, erabaki horiek beste batzuk hartu behar dituztelako. Baina, nik uste dut, denboraldi honetan nahiko meritu egin ditugula eta merezi dugula EBAn jokatzea".

Iraurgiko gizonezkoen talde nagusia, Juaristi ISB, Espainiako Zilarreko LEB Ligan aritu da azkenengo denboraldian; hain zuzen ere, EBA baino maila bat goragokoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide