Eskualdeko bost erremontista lehiatuko dira Berria Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2019ko mai. 16a, 17:19

'Berria' egunkariak antolatutako erremonte txapelketan lau azpeitiar eta aizarnazabaldar bat lehiatuko dira: Labaka, Otaegi, Agirrezabala, Aizpuru III.a eta Segurola. Gaur hasiko da lehia, eta ekainaren 15ean amaituko da.

Martxelo Otamendi 'Berria' egunkariko zuzendaria, Xabi Gonzalez Oriamendiko gerentea eta txapelketan parte hartuko duten erremontistak. (Oriamendi)

Oriamendi enpresako hamasei erremontista gaztek parte hartuko dute Berria egunkariak antolatutako txapelketan. Gaur hasi eta ekainaren 15ean amaituko da lehia. Zortzi bikotek bi taldetan banatuta jokatuko dute. A taldean, Ansa II.a-Arruarte, Juanenea-Labaka, Segurola-Zaldua eta Otaegi-Garces ariko dira; B taldean, berriz, Azpiroz-Zubiri, Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a, Aldabe-Larrañaga eta Etxarri-Agirrezabala. Kirolarietako lau azpeitiarrak dira –Labaka, Otaegi, Aizpuru III.a eta Agirrezabala–, eta bat aizarnazabaldarra: Segurola.

Lehen fasea ligaxka bidez jokatuko dute erremontistek. Ondoren, A taldeko lehen sailkatua eta B taldeko bigarren sailkatuak elkarren aurka jokatuko dute finalerdia, eta gauza bera egingo dute B taldeko lehenak eta A taldeko bigarrenak. Finalaurrekoetan irabazten dutenek finala jokatuko dute, eta finalerdietan sartzen diren pilotariek gazte mailako sanfermin torneoa jokatzeko txartela lortuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide