Azpeitiko Kultur Mahaiak Dinamoa sormen gunea zabalduko du laster, lau eremu dituen lanerako lekua: Soinua, Gorputza, Irudia eta Hitza. Sormen guneetan oro har hitza "baztertua" izan ohi dela iritzita, hitzari garrantzia ematea erabaki dute Kultur Mahaiko kideek, eta proiektu "ardatz" bat jarriko dute martxan aurki: Hitzaren Eskola.
Hitza izango da eskolaren zutabea: "Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. Eta horretarako, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak ekarriko ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea", azaldu dute sustatzaileek.
Sei irakasle, sei diziplina
Honako hauek izango dira Hitzaren Eskolako irakasleak: Lorea Agirre kazetaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria, Irene Arrarats Berria egunkariko hizkuntza zuzentzailea, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editore ohia, Harkaitz Cano idazlea, Igor Elortza bertsolaria eta Miren Gaztañaga antzerkigilea. Sei hilabeteko iraupena izango du ikastaroak, eta irakasle bakoitzak lau astez emango ditu saioak. Haietako bakoitzak metodologia ezberdina baliatuko du saioetan, bakoitza bere diziplinatik abiatuta.
2019ko irailaren 11n hasiko dira eskolak, eta 2020ko martxoaren 28an izango da azken saioa. Dinamoa sormen gunean izango dira saioak, astean bi: asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Saioak presentzialak izango dira, eta guztira, 120 orduko ikastaroa izango da. Matrikula orokorraren prezioa 375 eurokoa da; ikasleek, langabetuek eta erretiratuek, berriz, 250 euro ordaindu beharko dute. Ekainaren 10a da izena emateko azken eguna, eta interesatuek dinamoa.eus helbidean dute horretarako aukera. Informazio gehiago nahi duenak ere, webgune horretara jo dezake.