Gipuzkoako Hiru Txirlo bolo txapelketako jardunaldia jokatu dute Azpeitiko bolatokian

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 14a

Txapelketaren zazpigarren jardunaldia jokatu zuten joan zen zapatuan Garmendipeko bolatokian, eta 66 bolarik parte hartu zuten tiraldi horretan. Mikel Urkia markinarra sailkatu zen aurrena, bederatzi txirlorekin.

Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo bolo txapelketaren zazpigarren jardunaldia jokatu zuten joan den zapatuan, hilaren 11n, Garmendipeko bolatokian. Guztira, Gipuzkoako hainbat txokotako 66 bolarik parte hartu zuten saioan, eta han izan ziren Azpeitiko Garmendipe bolo taldeko kideak ere. San Joxepe taldeko Mikel Urkia markinarra sailkatu zen aurrena zapatuko tiraldian, bederatzi txirlorekin. Andres Calero azpeitiarra, berriz, seigarren sailkatu zen jardunaldi horretan, zortzi txirlorekin.

Txapelketaren sailkapen orokorrari dagokionez, berriz, Carmen Cordero azpeitiarra dago emakumezkoen mailako sailkapenaren lehen postuan, 18 txirlorekin. Nagusien mailan, bestalde, Jose Muñoz Floreaga taldeko azkoitiarra dago sailkapenaren buruan.

Joan zen martxoan hasi zen Gipuzkoako bolo txapelketa, eta ordutik herriz herri ari dira jokatzen kanporaketak, eta besteak beste, Azkoitiko Floreaga auzoko bolatokian jokatu zuten tiraldietako bat apirilaren 13an. Datorren zapatuan, berriz, zortzigarren eta azkenaurreko jardunaldia jokatuko dute, Lasturren. Hilaren 25ean izango da txapelketaren azken tiraldia, Elgetako bolatokian. Ekainaren 1ean, Elgoibarren egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide