Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketako finalerdietarako txartela lortu zuten Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak zapatuan. Galdakaon (Bizkaia) jokatu zuten final zortzirenetako lehia Larrañagak, Txikia IV.ak eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.ak, eta Larrañaga izan zen lanak bukatzen lehena. Izan ere, kolpekako, erlojuaren kontrako, zutikako, abiadurazko eta lan erdirako probak egiteko 16 minutu eta segundo bat behar izan zituen horiek gauzatzeko. Txikia IV.a sailkatu zen bigarren, lanak 17 minututan eta 11 segundotan eginda. Hirugarren, berriz, Mugertza II.a izan zen, bost enborrak 17 minutu eta 26 segundotan ebakita.
Hiru aizkolari horietaik bi sailkatu ziren hurrengo fasera, eta beraz, Larrañaga eta Txikia IV.a txapelketaren finalerdietan izango dira biak. Larrañagak Aitzol Atutxa Atutxa II.a eta Ruben Saralegi izango ditu aurrez aurre datorren zapatuan Gasteizen (12:00) jokatuko duten final erdietako lehian. Txikia IV.ak, berriz, Iker Vicenterekin eta Jon Rekondorekin neurtuko ditu indarrak igandean, Nabaridasen (Araba), 12:00etan hasita.
Larrañaga eta Txikia IV.a finalera iristen baldin badira, Azpeitian neurtu beharko dituzte indarrak ekainaren 7an. Iaz ere finalean izan zen Larrañaga, baina Iker Vicentek jantzi zuen txapela orduko hartan.