Azpeitiko EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia egingo du datorren ostiralean, hilaren 17an, plazan. Nagore Alkorta Azpeitiko alkategaiak, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Foru Aldundirako ahaldungaiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak parte hartuko dute ekitaldian, eta horiek herriko nahiz eskualdeko beste hainbat hautagai izango dituzte ondoan.
19:00etan hasiko da agerraldia, eta EH Bilduk adierazi du "sorpresaz betetako hitzordua" izango dela. Besteak beste, musikarekin, antzerkiarekin eta beste arte adierazpenekin osatuko dute ekitaldi politikoa, eta koalizioak herritar guztiak gonbidatu ditu hara.