Arratsean utzi dute aske Joseba Segurola Xegu (Azpeitia, 1975) presoa. 2005ean atxilotu zutenetik Frantziako hainbat espetxetan izan dute preso; azken urteetan, Lannemezaneko (Okzitania) kartzelan. Frantziako espetxe zigorra beteta, Euroagindu bat tarteko eraman zuten azpeitiarra atzo Madrilera, eta gaur eraman dute hura Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten aurrera.
Epaile horrek Segurola baldintzarik gabe aske uztea erabaki du. Dena den, Segurolaren abokatu Iñigo Iruinek UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi dionez, prozedura ez dute itxi. Azpeitiarra ez dute oraindik libre utzi, Soto del Realeko (Madril) espetxera eraman baitute azken izapideak egitera. Azpeitiarraren senideak eta lagunak Madrilera bidean dira.
2005eko martxoaren 23an atxilotu zuten Segurola Lannemezanen (Okzitania), ustez ETAko kidea zelakoan. 2009an Espainiako Auzitegi Nazionalak Segurola Espainiaratzeko eskaera egin zion Frantziari, baina Versallesko Apelazio Auzitegiak ez zuen onartu eskaria. 2010ean epaitu zuten Parisen, eta urte hartan bertan jakinarazi zuten epaia: 18 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Segurolari.