Azpeitian EAJ izan da alderdirik bozkatuena gaur, apirilak 28, egin diren Espainiako Kongresurako hauteskundeetan. Bozen %100 zenbatuta, 3.378 boz bildu ditu alderdi jeltzaleak (botoen %41,65). Bigarren alderdi bozkatuena, berriz, EH Bildu izan da, EAJk baino 124 boto gutxiagorekin; koalizioak 3.254 boto jaso ditu Azpeitian (botoen %40,12). Hirugarren indarra Elkarrekin Podemos izan da 624 botorekin (botoen %7,69), eta PSE-EE izan da laugarrena, 509 boto eskuratuta (botoen %6,28). Horien atzetik, PPk 155 boz jaso ditu (botoen %1,91), Ciudadanosek 67 (botoen %0,83), Voxek 34 (botoen %0,42), eta gainerako alderdiek 48 boz. Boto zuriak 41 izan dira, eta baliogabeak 36.
Aipatzekoa da gaurko bozetako parte-hartzea handia; izan ere, herritarren %72,82 joan dira botoa ematera. Beraz, azken Espainiako Kongresurako hauteskundeetatik hamabi puntu igo da parte-hartzea (orduan %60,73 izan zen parte-hartzea). Gaurkoan 11.218 herritar zeuden Azpeitian botoa ematera deituta, eta horietatik 8.149 lagunek eman dute boza.
Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeak 2016ko ekainean izan ziren. Orduko hartan EAJ izan zen Kongresurako boz gehien bildu zituen alderdia; 2.542 boto eskuratu zituen. EH Bildu izan zen bigarren indarra, EAJk baino 256 boto gutxiago, 2.286 boz, jasota.
Senaturako kontaketa mantsoagoa da; izan ere, hautagaiak banan-banan kontatu behar izaten dituzte.