Azpeitiko Gaztetxeak antolatuta, Gazte Astea egingo dute datorren astelehenetik aurrera, eta aurreko urteetako formatuari jarraituz, askotariko ekintzak egingo dituzte Gaztetxean eta herriko plazan, hala nola solasaldia, eztabaidak, bazkari-afariak eta parodia.
Ohi bezala, txupinazoarekin hasiko dute Gazte Astea astelehenean, eta egitasmoaren barruan, hiru hitzaldi eskainiko dituzte. "Aurten, bizi dugun testuinguru honetan interesgarriak iruditzen zaizkigun hiru gai aukeratu ditugu Gazte Astean lantzeko: soldatapeko lanaren eredu berriak, genero auzia eta festa eredua", esan dute antolatzaileek. RALeko eta Itaia emakume sozialisten sareko kideek eskainiko dituzte lehen bi hitzaldiak, eta hirugarren solasaldian "festa eredu kapitalistaren inguruan" hausnartzeko beta izango dute.
Aurten ere Maiatzaren 1eko ekintzak txertatu ditu Gaztetxeak Gazte Astearen barruan. Langileen Nazioarteko Egunaren harira, mobilizazioa egingo dute asteazken arratsaldean plazan, ELA eta CNT sindikatuekin eta Krisiaren seme-alabak, Elkar-ekin, Ikasle Abertzaleak eta 631 Urola Firm taldeekin batera.
Ikusi egitarau osoa, hemen:
- Apirilak 29, astelehena:
18:00etan, txupinazoa, plazan.
18:30ean, Soldatapeko lanen forma berria hitzaldia, RALeko kide baten eskutik.
Ondoren, afaria.
- Apirilak 30, asteartea.
18:30ean, Genero auziaz hausnartzen hitzaldia.
Ondoren, afaria.
- Maiatzak 1, asteazkena.
11:30ean, Gaztetxean elkartuko dira, Donostiako manifestaziora joateko.
19:00etan, mobilizazioa, plazan. Sasi artetik, langile borroka loratzen lelopean.
- Maiatzak 2, osteguna.
18:30ean, Drogak eta festa eredu kapitalista hitzaldia, herri mugimenduko kide baten eskutik.
Ondoren, Potepintxue.
21:30ean, Korto Txapelketako lanen emanaldia.
- Maiatzak 3, ostirala.
20:00etan, parrillada Sanagustinpean.
Ondoren, parodia.
- Maiatzak 4, zapatua.
14:30ean, bazkari girotua. Sarrerak salgai Urtzi, Urola Expres eta Korrale tabernetan, bost eurotan.
- Maiatzak 5, igandea.
19:00etan, txokolatada eta kontzertu akustikoa, Gaizkille eta Piro taldeekin.