Ikasle Abertzaleak eta Gazte Koordinadora Sozialistak antolatuta, Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea egingo dute ekainaren 12an, 13an, 14an, 15ean eta 16an, Azpeitian. Euskal Herri osoko "borondate sozialista" batu nahi dute bi taldeek, eta haien arabera, bost egun horietan "lan egiteko egunak" izango dituzte ardatz: "Hori da sozialiston lan filosofia, indar desberdinak antolatuz gure jandunaren potentzia biderkatzea eta potentzia hori prozesu sozialista elilkatzea xede duen proiektu desberdinak indartzeko erabiltzea". Halaber, Azpeitiko Esklabetan "gorpuzten ari den proiektuari bultzada" emango diote egun horietan, "denon artean etorkizun batean emango diren praktika desberdinak ahalbidetuko dituzten espazioak egokitzeko".
Horrez gain, "komunitatea indartzeko" eta aisialdirako ekintzek ere izango dute tarterik topagune horietan. Besteak beste, kultur ekintzak egingo dituzte, hala nola kontzertuak eta bertso saioak. Gai politikoak eztabaidatzeko uneak ere egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.
"Egindako lana ospatzea nahi dugu, bai urte guztian zehar egiten duguna, baita egun horietan egingo duguna ere. Jaialdi kapitalistaren ospakizun eredu hutsala alboratu beharra daukagu, ospakizun abstraktua ezer ospatzeko ez dugun ospakizuna delako. Baina guk badugu zer ospatu: egunerokoan antolatzen diharduten militante guztien lana pixkanaka-pixkanaka fruituak ematen ari baita Euskal Herriko hainbat txokotan", esan dute. Bide horretan, sozialismoa defendatzen dutenen arteko batasuna ezinbestekotzat jo dute taldeek, haien arabera, "elkarrekin asko indartsuagoak" direlako.