Krisiaren seme-alabak taldeak jakinarazi duenez, datorren ostiralean, hilaren 26an, jantoki soziala jarriko du martxan Esklabetan eratuko duten "babes gunean". Sustatzaileek 'elkartasun' hitzarekin definitu dute egun horretatik aurrera eskainiko duten zerbitzua: "Gure bizitzak gero eta hauskorragoak bihurtzen ari diren garaiotan, langileon oinarrizko bizi baldintzak kolpatuak dira egunero. Behargin garenok gure azalean bizi edo gertutik ezagutzen ditugu lan baldintza prekarioak, langabeziaren ondorioak, etorkinen errealitate gordina, pentsionisten borroka, lan instripuak...", azaldu dute. Dena den, "krisi kapitalistak bizitzaren esparru guztietan" eragiten duela azpimarratu du taldeak, eta haren ondorioak, ekonomikoak ez ezik, sozialak ere badirela gaineratu du. "Horren aurrean, uste dugu beharrezkoa dela elkartasun printzipioetara jotzea eta elkartasunean oinarritutako dinamikak gorpuztea eta hedatzea. Horretara dator martxan jarriko dugun jantoki soziala".
Taldeak argitu du jantoki soziala ez dela karitatean oinarrituko, proiektua ez delako behar sozialei erantzuteko soilik jaio. Hain zuzen ere, bazkaria tarteko, "krisiaren ondorioak modurik zuzenean" jasaten dituztenak elkartuko diren espazio bat sortzea dute helburu. "Behar sozialei erantzuteko, gure hausnarketak nahiz kezkak elkarbanatzeko eta elkartasuna antolatzeko mahaia izango da jantoki soziala".
Ostiralean, 13:30ean egingo dute aurreneko jantoki soziala Esklabetan, eta hori aurrera eraman ahal izateko, bilera deitu dute asteazkenerako. Batzar irekia izango da proiektuan interesa duten guztientzat zein jantoki sozialaren antolakuntzan parte hartu nahi dutenentzat, eta 19:30ean bilduko dira, Esklabetako ezker hegaleko beheko solairuan. Bertaratzen direnek lekua ikusteko, proiektua ezagutzeko, zerbitzuaren funtzionamenduaz jakiteko nahiz proposamenak egiteko aukera izango dute.