Hasi dira Azpeitiko Done Jakue kaleko apaiz etxea botatzen

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 17a

Ryde Obras y Servicios enpresa ari da eraikina botatzen, eta lanek hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten dute. Ondoren, Udal sustapeneko lau etxebizitza egingo dituzte bertan.

Azpeitiko Done Jakue kalean kokatuta dagoen apaiz etxea eraisteko lanak hasi ditu Azpeitiko Udalak. Joan den astean hasi ziren eraikina aldamioz inguratzen, eta datorren astean ekingo diote barrualdea husteari; ondoren, bota egingo dute. Ryde Obras y Servicios enpresa ari da eraikina botatzen, eta lanek, BEZ gabe, 51.883,44 euroko aurrekontua dute. Aurreikuspenen arabera, hilabete inguru beharko dute eraikina botatzeko.

Jarraian, ikerketa geoteknikoa egingo dute bertan, eta orduan, exekuzio proiektua idatziko du Udaleko arkitektoak; horren ostean, esleituko dituzte etxebizitzak egiteko lanak. Udal sustapeneko lau etxebizitza egingo dituzte apaiz etxe zaharrean.

 
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide