105 laguneko talde mardulak osatu du Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko laugarren etapa

Urola Kostako Hitza 2019ko api. 15a, 16:18

GR-38 Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko laugarren etapa egin zuten hainbat herritarrek joan den larunbatean, Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta. Guztira, 105 lagunek parte hartu zuten ibilaldian, eta eguraldi bikaina izan zuten lagun.

08:00etan autobusa hartu eta Otxandiora (Bizkaia) abiatu ziren, eta 09:20 inguruan, ibilbideari ekin zieten bertako enparantzan. Otxandio atzean utzi eta pagadietan, hariztietan eta abarretan barrena ibili ziren, eta 10:45 inguruan, Abinako urtegian zinen; leku paregabea da hura hamaiketakoa egiteko, eta hamabost minutuko geldialdia egin zuten bertan, indarrak berreskuratzeko.

GR-38ko marra zuri-gorriei jarraika, Legutiora (Araba) iritsi ziren, eta han beste geldialditxo bat egin zuten; ibilaldiko azkena. Ibilbide lau-lauean zehar beste zortzi kilometro eginda, 13:30 inguruan iritsi ziren Urbinara (Araba), eguneko ibilia amaitzeko. Etapa motza baina polita izan zen. Aurrez erabakita bezala, bertan bazkaltzea tokatzen zen; ordubete inguruan jendeak kontu-kontari bakoitzak eramandakoa bazkaldu zuen, eta antolatzaileek edatekoa eraman zuten. 15:30 inguruan Azpeitian ziren.

GR-38 ko bosgarren etapa, Urbina eta Estibalitz (Araba) artekoa, maiatzaren 11n egingo dute –data aldatu dute–. Antolatzaileen arabera, ibilaldi erraza eta polita izango da, hogei kilometro ingurukoa.

Hona hemen ibilbidean hartutako irudiak:

(Argazkiak: Lagun Onak mendi bazkuna)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide