Jendetza elkartu du Azpeitiko Gaztetxeko Bertsio Gauak

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 15a

Joan zen zapatuan, apirilak 13, Bertsio Gaua izan zen Azpeitiko Gaztetxean, eta jendetza elkartu zen bertan. Jende ugari animatu zen oholtzara igo ziren bederatzi taldeen emanaldiak ikustera, eta giro ederra sortu zen lau ordu inguru iraun zuen Bertsio Gauean.

Ismael Serranoren Papa cuentame otra vez doinuez egindako abesti batek ireki zuen emanaldi sorta. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazotako gertakariak gogoratzen dituen abestiaren bertsioaren ostean iritsi ziren beste emanaldiak.

Led Zeppelin, Apunta, Semeputiek, The Friday's Crew, Baboon Show, Berri Txarrak, Fiachras, Rotten XIII , Trivium, Iheskide, Nafarroa 1512 eta beste hainbat talderen bertsioak eskaini zituzten Bertsio Gauan parte hartzera animatu ziren musikari eta musikazaleek. Rap doinuak, bertsoak eta aldarri mezuak ere izan ziren protagonista zapatuko Bertsio Gauean.

Azpeitiko Gaztetxeko kideek eskerrak eman dizkiete zapatukoa posible egin zuten guztiei. "Mundiala" izan zela nabarmendu dute, eta Bertsio Gauaren hurrengo edizioa datorren urtean izango bada ere, aurrez beste hainbat ekitaldi antolatuko dutela gogoratu dute. Besteak beste, laster jakinaraziko dute Gazte Asteko egitaraua.

Hona hemen Bertsio Gaueko irudiak:

(Argazkiak: Azpeitiko Gaztetxea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide