Film laburren lehiaketa antolatu du aurten ere Azpeitiko Gaztetxeak

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 8a

Maiatzaren 2an egingo dute bigarren Korto Txapelketa, Gazte Astearen barruan. Bideoak egitera animatzen direnek egun horretan Gaztetxera eraman beharko dituzte sortutako lanak. 'Pozoina' da antolatzaileek aurtengorako proposatu duten gaia. Bi sari emango dituzte: epaimahaiarena eta Txalometroarena.

Azpeitiko Gaztetxearen II. Korto Txapelketaren kartela.

Azpeitiko Gaztetxeak Korto Txapelketa antolatu du bigarren urtez jarraian. Iazko edizioak izandako arrakastaren ostean, Gaztetxeko asanbladak berriro prestatu du film laburren sariketa aurtengorako, eta hitzorduak badu data dagoeneko. Iaz bezala, Gaztetxeko Gazte Astearen barruan izango da Korto Txapelketa. Aurten, apirilaren 29tik maiatzaren 5era izango da Gazte Astea, eta Korto Txapelketa maiatzaren 2an, ostegunez, egingo dute, 21:30etik aurrera.

Bideoak egitera animatzen direnek egun horretan bertan eraman beharko dituzte sortutako lanak Gaztetxera, mp4 edo avi formatuan. Film laburrek bi minutu iraun beharko dute gutxienez, eta zortzi minutu gehienez. Lehen edizioan bezala, aurten ere antolatzaileek proposatutako gaiaren bueltan osatu beharko dituzte film laburrak lehiakideek. Iaz Joseba Sarrionandiaren Ez diren gauzak olerkiaren lehen esaldia izan zen film laburren gaia; aurten, berriz, Pozoina hitza aukeratu dute gaitzat. "Parte hartzaileek nahi duten eran jolas dezakete horrekin, eta beraiek erabaki beharko dute zein ikuspuntutatik heldu gaiari: umoretik, aldarritik, salaketatik, abstrakziotik...", azaldu dute Gaztetxeko antolatzaileek.

Bi sari banatuko dituzte Korto Txapelketan: epaimahaiarena eta Txalometroarena. Epaimahaia nork osatuko duen aurrerago jakinaraziko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide