Aner Peritz zarauztarra sailkatu da Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 6a

Asier Tatiegik jantzi zuen txapela atzo Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Eskualdeko hiru bertsolarik hartu zuten parte finalean: Imanol Albizu azpeitiarrak, eta Uxue Alkorta eta Aner Peritz zarauztarrek. Azken horrek bigarren egin zuen.

Aitor Tatiegi txapelduna kantuan, atzo Lasturko finalean (Bertsozale Elkartea)

Urola Kostako hiru bertsolarik jokatu dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala: Aner Peritz eta Uxue Alkorta zarauztarrek, eta Imanol Albizu azpeitiarrak. Atzo, ostirala, afaria egin zuten Lasturren, eta ondoren lehiatu ziren bertsolari gazteak.

Hiruretan Peritzek lortu zuen emaitza onena, baina txapelak ihes egin zion, eta Aitor Tatiegik jantzi zuen. Hala ere, bigarren gelditu zenez, txartela eskuratu du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean kantatzeko. Saran izango da saio hori, ekainaren 8an.

Afari formatuko lau saio

Guztira, lau kanporaketa egin dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–, eta finala atzo, apirilak 5, izan zen Lasturren. Lau kanporaketetatik bina bertsolarik eskuratu dute finalerako txartela, eta horiek osatu dute finaleko zortzikotea. 

Aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartu dute, eta horietatik 11 bertsolari izan dira eskualdekoak: Aner Peritz, Uxue Alkorta, Aimar Sorazu, Joane Aldalur eta Jon Azpiroz zarauztarrak; Irati Arakistain eta Joar Garate zumaiarrak; Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrak; eta Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga azkoitiarrak.

Iaz Imanol Albizu eta Oihana Labiano azpeitiarrak eta Aner Peritz eta Uxue Alkorta zarauztarrak aritu ziren bertsotan eskolarteko finalean. Aner Peritz bigarren sailkatu zen, eta beste hiru bertsolariak "gustura" gelditu ziren finalean egindako lanarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide