Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak askotariko formazio saioak antolatu dituzte 65 urtetik gorako emakumeentzako. Maiatzaren 9an, 13an eta 23an egingo dituzte doako saioak, eta elikadura, sexualitatea eta pentsioak izango dituzte hizketagai horietan.
Miriam Herbon hezkuntza emozionalean adituak irekiko ditu formazio saioak maiatzaren 9an, eta elikadura kontzienteari buruzko saioa eskainiko du 15:00etatik 17:00etara bitartean, Emakumeen Txokoan; maiatzaren 13an, berriz, Edurne Mendizabal Arremanitz kooperatibako kideak sexualiatearen inguruko azalpenak emango ditu 15:30etik 17:00etara egingo duten saioan; maiatzaren 23an amaituko dute egitasmoa, eta emakumeen pentsioei buruz arituko dira hizketan Isabel Otxoa EHUko irakasle eta ekintzailearekin. 17:00etatik 18:30era bitartean iraungo du saioak.
Antolatzaileek adierazi dutenez, azkenaldian adineko emakumeak Emakumeen Txokora joan ohi dira yoga egitera, eta saio horiei esker, beraien artean harremanak sendotu eta elkarren "beharrak eta nahiak" ezagutu dituzte. Horren ondorioz antolatu dituzte hurrengo hilean hasiko diren formazio saioak, eta han parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, Emakumeen Txokoan.