Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien txapelketaren saioa egin dute 100 gaztetxok Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 3a

Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien txapelketaren seigarren saioa jokatu dute gaur, asteazkena, Azpeitiko Basazabalen. Azpeitiko, Azkoitiko eta Zumaiako 100 haur eta gaztetxo elkartu dira jauregian, eta hiru ataletan banatuta, parte hartzaileak hainbat lan egin dute goizetik; bertsoak idaztearekin hasi dute saioa gaztetxoek, eta horretarako, ordubeteko tartea izan dute. Ondoren, ikastetxeetan edota bertso eskoletan aurrez prestatutako bertsoak eskaini dituzte, eta eguerdirako amaitu dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien Azpeitiko saioa, sari banaketarekin.

Joan zen martxoaren 26an hasi zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien txapelketa, eta guztira, 1.000 ikasletik gora ari dira parte hartzen. Gipuzkoa osoan zortzi saio egingo dituzte txapelketaren barruan, eta Azpeitikoa seigarrena izan da. Hurrengo saioa, berriz, etzi, ostirala, izango da, Orioko Karela kiroldegian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide