Azkoitian gertatu den sute batek eraginda Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian eragozpenak izan diren arren, azkenean, normaltasunez egin dituzte proba herrikoia nahiz maratoi erdia, nahiz eta azken hori ordubete beranduago hasi den. Lasterketa luzean, gizonetan, Etiopiako Bayelign Teshager Yegzaw izan da helmugara iristen lehena (1:00:31), eta emakumeetan, Keniako Irene Kimais (1:10:33). Bietako inork ez du errekorrik egin. Gizonetan, Etiopiako Abera Kuma izan da bigarrena (1:00:41), eta Keniako William Malel Sitonik hirugarrena (1:00:47). Emakumeetan, Suediako Meraf Batha (1:11: 42) sailkatu da bigarren postuan, eta Keniako Joyline Chemutai (1:13:43) hirugarrenean.
Bestalde, 8,1 kilometroko lasterketa motzean, Kamel Ziani oriotarra (25:59) eta Jone Zabaleta azkoitiarra (29:02) izan dira azkarrenak. Haien atzetik sailkatu dira, gizonetan, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Jon Presa (26:43) eta Laudioko (Araba) Koldo Ayesta (26:57). Emakumeetan, berriz, Sara Alonso (29:14) sailkatu da bigarren postuan, eta Mari Karmen Seijas azkoitiarra (34:56) hirugarrenean.
Gainera, gurpil aulkian ere atera da hainbat kirolari, eta haien artean, Bidania-Goiatzko Ion Galarraga izan da nagusi, 42:37 denbora eginda.
Lehen azpeitiarrei eta azkoitiarrei ere banatu dizkiete sariak. Gizonezko azpeitiarretan, Xabat Mancisidor (1:12:01), Asier Cuevas (1:14:36) eta Iñaki Korta (1:17:54) izan dira azkarrenak, hurrenez hurren. Emakume azpeitiarretan, berriz, Maider Korta (1:31:09) izan da lehena, Nerea Azpiazu bigarrena (1:34:19) eta Vanessa Cerrajero (1:45:58) hirugarrena. Azkoitiarren artean, gizonetan, Marcos Zaldibia (1:12:31), Agustin Ruiz (1:16:50) eta Aitor Sotil (1:17:49) izan dira hiru lehenak; emakumeetan, berriz, Nerea Etxeberria (1:35:31), Iratxe Zubizarreta (1:39:10) eta Idoia Gurrutxaga (1:41:30).
Sari berezi bat ere banatu dute aurtengoan. 25 urte bete dira Helsinkin Europako txapelketan hiru lehen sailkatuak Martin Fiz, Diego Garcia eta Alberto Juzdado izan zirenetik, eta urteurren hori tarteko, Juzdadori oroigarri bat eman diote gaurko lasterketak amaitzean. Gainera, Azkoitiko AEK-k Korrikako petoarekin helmugara aurrena iritsi den korrikalariari bi lagunentzako afaria oparitu dio, eta sari hori Igor Lizundiak eskuratu du.
Hona hemen gaurko lasterketetako irudiak:
[flickr_set id="72157679634821378"]