Jose Luis Gorrotxategi

"Bertsolaritzak ikaragarri egin du gora: lehengo onenen pareko asko daude"

Berria 2019ko martxoaren 24a

Plazetan bertsotan aritzeari utzi dio Gorrotxategik: 1.500 eta 1.600 saio artean egin ditu 55 urtean, eta jasota dauka saio bakoitza non, noiz eta norekin egin zuen.

Jose Luis Gorrotxategi. (Julene Frantzesena)

Jose Luis Gorrotxategi bertsolaria (Bergara, Gipuzkoa, 1945) abestua da Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, artean eliza zela. Azpeitiartu da honezkero, nahiz eta hitzetik hortzera darabilen Osintxu, bere Bergarako auzoa. Duela bost hilabete egin zuen azken plaza, Xalbador Egunean, Urepelen (Nafarroa Beherea). Burua argi du, eta hori hala izan bitartean utzi nahi izan ditu plazak.

Baduzu damurik batere?

Ez... Lehen, garai batean, dezente ibili nintzen: urtean 100 plaza ez nituen egingo, baina 90en bueltan ibiltzen nintzen. Azken urteetan gutxiago egin izan ditut: jakineko egun batzuetan baino ez, hamar edo hamabi saio urtean. Lagatzeko asmoa neukan, eta, gainera, ez nuen horrek ezer sortuko zidan beldurrik: hain gutxi ibilita, gehiago kostatzen da kantatzea.

Bertso mordoxka bat gorde zenituen Gogoan dauzkadanak liburuan: zein da hain memoria ona edukitzeko sekretua?

Ez dakit, baina zerbait ona izan badut, horixe izan da: memoria ona. Orain ez dut bertso bakar bat ere gogoan hartzen, oso ona behar du izan nik gogoan hartzeko. Baina, garai batean, saio bat entzun eta hogeitik hamabost bat bertsorekin gogoratzen nintzen: oso hitz gutxiren aldearekin kantatzen nituen.

Zure etxean bazen bertsotan aritzen zen beste inor?

Nik dakidala, ez, ez amaren ez aitaren aldetik ere.

Lagun artean hasi zinen, beraz.

Bai, eta beste bat hasi zelako hasi nintzen ni. Laguna bertsopaper batzuk kantatzen hasi zen; Mendaroko [Gipuzkoa] seme batek Etxebarriko [Bizkaia] Altizbarren baserrian hilketa batzuk egin zituen, eta horri jarritako bertsoak ziren; ni, berriz, neuk asmatutakoak kantatzen hasi nintzen. Horixe izan zen lehenengo aldia, erromeria batetik etxera bueltan gindoazela. Ordura arte ez nuen sekula bertsorik kantatu, baina egun hartan umoreko etorriko ginen eta...

Azpeitira ezkondu baino lehen maitemindu omen zinen Azpeitiarekin. Zergatik?

Jose Mari Iriondok Loiolako Herri Irratian bertso sariketa antolatzen zuen udaberriro. Azken saioa Zelaitxo zineman izaten zen; orain botata dago. Anaia eta biok etorri ginen bizikletaz Osintxutik bertsoak entzutera. Harrituta gelditu nintzen jendeak euskaraz zenbat hitz egiten zuen entzunda; Bergaran, euskaraz zekitenek ere gazteleraz egiten zuten. Buelta bat eman genuen arratsaldean, eta pentsatu nuen: «Hau duk herri elegantea: hemen biziko nindukek gustura!». Eta, azkenean, bertara etorri.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berriaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide