Jon Alberdik Azpeitian jokatuko du promozioko buruz buruko lehen kanporaketa

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 23a

Apirilaren 6an, Aitor Arangurenen kontra jokatuko du pilotari azpeitiarrak Izarraitz pilotalekuan. Jaialdirako sarrerak eros daitezke dagoeneko Interneten.

Jon Alberdi pilotaria. (Ilunpe)

Izarraitz pilotalekuak esku-pilotako profesionalen beste jaialdi bat hartuko du aurten; eta, aurrekoan bezala, Jon Alberdi herriko pilotaria izango da protagonistetako bat.

Apirilaren 6an, larunbata, 17:45ean hasita, gizonezkoen bi partida jokatuko dituzte Azpeitiko udal pilotalekuan. Jaialdi horretan, Alberdik promozioko buruz buruko txapelketako lehen kanporaketa jokatuko du, Aitor Aranguren aginagarraren aurka. Azpeitiarrak bere profesional ibilbidean lehen aldiz izango du banakako txapelketa jokatzeko aukera. Bigarren partida bat ere izango da, binakakoa; bertan, Bengoetxea VI.a eta Mariezkurrena II.a Artolaren eta Albisuren aurka arituko dira.

Apirilaren 6ko jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude Interneten, helbide honetan. Kantxako sarrerek 25 euro balio dute, eta goiko palkokoek 20. Sarrerak Izarraitzeko txarteldegian eskuratu nahi dituztenek, berriz, apirilaren 6an bertan izango dute aukera, 12:00etatik 13:30era eta 16:00etatik aurrera. 16 urtetik beherakoek doan sartu ahal izango dute.

Ilunpe pilota elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dute jaialdia. Urteko bigarrena izatea "herriko pilota zaletasunak bizi duen momentu onaren adierazle" dela iritzi dute Ilunpekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide