Iñaki Garmendia 'Laja' izan dute gogoan, oroitzapenez jantzitako San Jose trikiti jaialdian

Maialen Etxaniz 2019ko martxoaren 16a

San Jose trikiti jaialdia hartu du gaur Azpeitiko Soreasu antzokiak, eta, beste urte batez, aretoa jendez goraino bete da jaialdirako. Gaurkoan, trikitiaren sehaska bilakatu da Soreasu, eta bertaratu diren 500 inguru ikus-entzulek 70eko eta 80ko hamarkadetara egin dute jauzi trikiti doinuez lagunduta. Sasoi hartan erromerien munduan murgilduta edo trikitiari estu lotuta egon ziren lagunak nahiz haien oinordekoak igo dira gaur Soreasuko oholtzara, hala nola Mamen Maltzeta, Patxi Aiorga eta Joseba Zabalo; Aizpurutxo anaiak; Laja II.a eta Landakanda; Elortza anaiak; Uitte eta Zabale aita-semeak; Imuntzo eta Epelarre, Sakristaua, Egurrola, Epelde, Txato, Izer, Porrutxo eta Berastegi. Azken zazpikote horrekin batera igotzekoa zen Imanol Epelde Iturbide panderojolea ere, baina azken uneko arrazoiak tarteko ikus-entzule gisa gozatu du gaurko jaialdiaz. Hala ere, ez da panderoa jo gabe gelditu, eta Epelarre, Sakristaua, Egurrola, Epelde, Txato, Izer, Porrutxo eta Berastegi oholtzan zirela, Iturbidek jende artetik astindu du panderoa gainerako kideen doinuei lagunduz.
 
Giro aparta nagusitu da Laxaro Azkunek gidatu duen jaialdian, emanaldia hasi denetik amaitu den arte, eta umorez nahiz oroitzapenez jantzi da antzokia. Parte-hartzaileak alai aritu dira oholtzan, eta modu berean erantzun dute ikus-entzuleek beren eserlekuetatik. Jaialdiaren gaiak –70eko eta 80ko hamarkadak– atzera begira jarri ditu Soreasun elkartutakoak. Sasoi hartako abestiez gozatu ez ezik, urte haietako zenbait anekdota ezagutzeko aukera ere izan dute ikus-entzuleek. Imuntzok eta Epelarrek, esaterako, Urolako Trenaren inguruan egin zuten abestia elkarbanatu dute ikus-entzuleekin, eta haiek ezin hobeto erantzun dute.
 
Jaialdiaren amaieran iritsi da emanaldiko unerik hunkigarriena. Iñaki Garmendia Laja gogoan, haren omenezko bideo bat eskaini dute, irudi zaharrez eta Azkoitiko trikitilariari eskainitako bertsoz osatutakoa. Lajaren oroimenezko ikus-entzunezkoa amaitzean txalo zaparrada batek hartu du Soreasu antzokia. Horren ostean, jaialdian parte hartu duten musikari guztiak igo dira ohoiltzara, eta trikiti zein pandero doinu artean agurtu dituzte ikus-entzuleak. Azpeitiko Trikigiro elkarteko kideek sorpresa bat ere utzi dute gaurkoan, eta ontzen ari diren Urola bailarako trikitiaren eta trikitilarien inguruko dokumentalaren aurrerapena eskaini diete jaialdira bertaratu diren trikitizale guztiei.

 

Hona hemen, Lajaren oroimenez eskaini duten bideoa:
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide